Bilboko Udalak Basurtu auzoko Lezeaga kalea berriz asfaltatzeko obrak bukatu ditu, galtzadaren egoera hobetzeko eta ibilgailuentzako nahiz bide horren erabiltzaile guztientzako segurtasun eta zirkulazio baldintzak optimizatzeko. Lanak azken asteetan egin dira eta 268.356 euroko inbertsioa eskatu dute.
Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, jarduketa auzoaren goialdean dagoen kalearen bi tartetan egin da eta zorua osorik berritzeko aukera eman du. Zoruak higadura handia zeukan, erabileraren eta denboraren joanaren ondorioz.
Zehazki, hurrengo lan hauek egin dira: lehendik zegoen zoladura fresatu, aglomeratu asfaltikozko geruza berri bat zabaldu, kutxatilak goratu eta kotan jarri, ertz erretena jarri eta jarduketa eremuan seinale horizontalak berritu. Era berean, garbiketa lanak eta azken erremateak egin dira, jarduketa behar den moduan amaitzen dela eta hiri ingurunea oro har hobetzen dela bermatzeko.
Lanak egin bitartean, Bilboko Udalak ibilgailuen zirkulazioa mantendu du txandaka bide emanez, eta horrela, auzokoei, bizilagunei eta bideko erabiltzaileei ahalik eta kalte gutxien eragitea lortu du.
Beste gai batzuekin jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiak bi autobus geraleku egokituko ditu Arriaga inguruan, Elgoibarren, N-634 errepidean. Jarduerak 212.746,41 euroko aurrekontua du, eta aurreikusita dago obrak uztailean lizitatzea eta lanak urte amaierarako bukatuta egotea.
Foru erakundeak jakinarazi duenez, esku hartzearen bidez, espazio seguruagoa eta irisgarriagoa egokitu ahal izango da Elgoibar, Mendaro eta autobidearekiko lotunearen arteko trafiko handiko gunean, non industria eremu garrantzitsuak dauden, hala nola Arriaga industrialdea eta Schaeffler Iberia.
Bi gune egokituko dira, bana zirkulazioaren noranzko bakoitzean, aurrez aurre, itxaroteko espazio nahikoarekin. Era berean, oinezkoentzako bidegurutze semaforizatua egingo da, errepidea segurtasunez zeharkatzeko.
Felix Urkiola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak azaldu duenez, "jarduketa horiek bide azpiegituretan garraio publikoaren erabilera sustatzeko, zerbitzua hobetzeko eta seguruagoa egiteko egiten ari garen ahaleginaren barruan kokatzen dira".