Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Construcciones Moyúa S. L. enpresari esleitu dizkio, 2,5 milioi euroren truke eta 16 hilabeteko egikaritze epearekin, udazkenean hasiko diren Topoaren Irungo Nazioarteko Zubiaren birgaitze lanak, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren bitartez.
Bidasoa ibaiaren gainetik igarotzen den eta Irun eta Hendaia lotzen dituen Nazioarteko Zubia Topoaren sarrerako atea da Gipuzkoako lurralde historikoan. 2025ean, ia 19 milioi pertsonak aukeratu zuten Lasarte-Oria/Donostia/Hendaia linea garraiobide bezala, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.
ETSk Gipuzkoan eta Bizkaian kudeatzen duen trenbide sarean egiten duen etengabeko azterketa eta analisiaren emaitza da jarduketa. Hala, aurreko ikuskapen lanetan ikusitako patologiak eta gabeziak zuzentzeko, proiektuak, hasierako fasean, P1 eta P4 pilareen zimenduen errefortzua jasotzen du; ondoren, zubibidearen konponketarekin jarraituko da, zimenduetan bermatutako aldamioen bidez; aldamio horiek, gainera, konponketetarako materiala biltzeko erabiliko dira.
Birgaitze lanak, nagusiki, hormigoizko elementuak karbonataziotik babestea, landaredia eta gainazal kaltzifikatuak kentzea, junturak berritzea eta kaltetutako harlanduak berreraikitzea eta baranda birjartzea izango dira. Halaber, tarteko trenbidea berrituko da eta taula iragazgaiztuko da.
BESTE GAI BATZUK
Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñun euskarazko tokiko edo eskualdeko komunikazio proiektuak sendotu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du astearte honetan Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak, 2026ko ekitaldirako, eta 322.504 euroko zuzkidura du gehienez, euskara hutsean argitaratzen diren tokiko edo eskualdeko hedabideak landu, ekoiztu eta hedatzen laguntzea helburu.
Foru erakundearen arabera, laguntzak Araban edo Trebiñun egoitza edo egoitza soziala eta fiskala duten pertsona juridikoentzat dira, tokiko edo eskualdeko komunikabideen titularrak badira. Diruz lagundu ahal izango dira paperean eta edizio digitalean garatzen diren proiektuak, bai eta jarduera digitala duten audio proiektuak ere.