Mikel Zalbide hizkuntzalari donostiarrak 75 urte bete zituen maiatzaren 9an, eta, hartara, euskaltzain emeritu bilakatu da, Euskaltzaindiaren barne arauek agintzen duten bezala. Horrela, ordezkoa aukeratzeko epea ireki da, eta Zalbideren hutsunea betetzeko proposamenak hurrengo bi osoko bilkuretan jasoko dira.
Hain zuzen, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, ekaineko eta uztaileko osoko bilkuretan aurkez ditzakete euskaltzain osoek Mikel Zalbideren lekua betetzeko proposamenak, eta hirugarren bilkuran egingo da hautaketa, irailean Iruñean egingo den bilkuran, alegia. Euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dute, eta proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dira xeheki.
Mikel Zalbide Donostian jaio zen, 1951ko maiatzaren 9an. Oinarrizko ikasketak Donostian bertan egin ondoren, Goi Mailako Industria Ingeniaritza burutu zuen Nafarroako Unibertsitatean. Halaber, 1972an Euskaltzaindiaren D irakasle titulua eskuratu zuen.
Zalbide goiz hasi zen euskalgintzan eragiten, eta euskarak bete gabe zituen alorrak hornitzen jardun du urte luzez. 1979-1980 artean, Euskadiko Kontseilu Nagusiak eta Bilboko (gero, Euskal Herriko) Unibertsitateak sortutako bitariko batzordearen kide izan zen. Unibertsitate alorreko hizkuntza normaltzea bideratzeko azpibatzordea sortu zen bertan, eta lantalde horren arduradun izan zen.
Halaber, 1972-1973 ikasturtean, Andoni Sagarnarekin eta beste hainbat lagunekin, Elhuyar Kultur Taldearen eta Elhuyar (1974) aldizkariaren sortzaile kidea izan zen. Ondoren, Udako Euskal Unibertsitatearen antolatzaile izan zen hainbat urtez. Eusko Ikaskuntzako kide ere bada.
1978-1981 artean, Joseba Intxausti buru zuen UZEIren zientzia eta tekniken alorreko hiztegigintzaren arduradun izan zen: fisika, kimika, matematika eta abar. Besteak beste, UZEIren lexikografia eredua sistematizatzeaz arduratu zen.
Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordearen kide izan da 1982-1990, 1997-2001 eta 2005-2009 artean. 1981-2014 artean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean aritu zen lanean, Euskara Zerbitzuaren buru gisa. 2014an hartu zuen erretiroa.
LAN ESKERGA
Euskaltzaindiaren baitan ere lan eskerga egin du hizkuntzalari donostiarrak. Honela, Akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1983ko apirilaren 28an, eta euskaltzain oso 2006ko apirilaren 27an (Pedagogoa batzar nagusietan, hizkuntzen azterbideak Iturriagaren argitan izeneko sarrera-hitzaldia irakurri zuen Donostian, 2007ko apirilaren 2an).
1976tik, Euskaltzaindian hiztegigintzan (matematika, maileguzko hitzak, LEF) eta Jagon Sailean aritu da bereziki. 2007tik aurrera, soziolinguistika historikoaren alorra lantzen duen Joanes Etxeberri egitasmora (Euskararen Historia Soziala) bideratu ditu bere ahaleginak, aholkulari eta zuzendari bezala.
Argitaratu dituen liburuen artean, hona hemen aipagarrienak: 'Maileguzko hitzak: idazkera eta ebakera' (UZEI, 1981); 'Hitz elkartuen osaera eta idazkera: LEF batzordearen emaitzak, Euskaltzaindiaren gomendio-arauak' (Euskaltzaindia, 1992); 'Euskararen historia soziala lantzeko eredu metodologikoa' (Lionel Joly, Nikolas Gardner eta Mikel Zalbide. Euskaltzaindia, 2015); 'Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (1981-2011): transmisioa eta gaitasuna, portaera linguistikoen motibo subjektiboak, eta mintzajarduna: bilakaera eta aurrera begirako erronkak; laburpena' (Iñaki Martinez de Luna, Xabier Erize eta Mikel Zalbide. Soziolinguistika Klusterra, 2016); 'Taxonomy proposal for the (historical) sociology of language research: a Basque contribution' (Lionel Jolyrekin batera. Euskaltzaindia, 2024).