Bilboko Udalak Eskola Antzerkiaren Urteroko Galaren XXIX. edizioa antolatuko du Arriaga Antzokian datorren igandean, maiatzaren 31ean, eta ikasturte honetako muntaia irabazleak ikusi ahal izango dira bertan. Bilboko Udalak 1995etik bultzatzen du lehiaketa hiriko ikastetxeetan, haurren artean arte eszenikoak sustatzeko helburuarekin.
Bada, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, igandean, 17:00etan, Txurdinaga Behekoa Institutuaren 'Sakatu home (Lan eszeniko orokor onena) eta 'Gerraren triptikoa' (Bigarren hezkuntzako lanik onena), Vda. Epalza Ikastexearen 'Ez gara altzariak (Proposamen eszeniko originalena) eta 'Etxegabeak' (Lehen hezkuntzako lanik onena), Ibarrekolanda Institutuaren 'Gerraren itzalpean' (Obraren alderdi teknikoak hobeto konpontzea), Artxandape Ikastolaren 'Jack Sparragou' (Antzerki, dantza, zirku edo beste edozein diziplina eszenikoren modalitateak berreskuratzeko lan onena) eta Angeles Custodios Ikastetxearen 'Taupaden mapa' (Epaimahaiaren accesit saria) ikusi ahal izango dira.
Zazpi proposamen horiek 300na euroko saria jasoko dute eskudirutan. Era berean, lehiaketan parte hartzen duten guztiek laguntza ekonomikoa jasoko dute egindako lanagatik, baita diploma bat ere.
Parte hartzen duten ikasleen eta ikastetxeen kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta aurtengo edizioan 6 eta 17 urte bitarteko 449 ikaslek parte hartu dute, Bilboko 13 ikastetxe publiko eta itunpeko ikastetxeetakoak. Aurten 25 antzezlan aurkeztu dira, eta horietan gai sozialak izan dira nagusi, hala nola pobrezia, adinekoen eta gazteen arazoak, eta gerren ondorioak.