Síguenos en redes sociales:

Debako 39. Antzerki Astea maiatzaren 22tik 31ra ospatuko da egitarau zabal eta anitzarekin

Debako 39. Antzerki Astea maiatzaren 22tik 31ra ospatuko da egitarau zabal eta anitzarekinUtzitakoa

Debako (Gipuzkoa) Antzerki Astearen 39. edizioa ospatuko da maiatzaren 22tik 31ra herriko gune ezberdinetan eta euskarazko antzerkiaz gozatzeko "aukera paregabea" eskainiko du, egitarau zabal eta anitzarekin. Aurten, umorea, inprobisazioa, sorkuntza propioak eta haur zein helduei zuzendutako lanak izango dira.

Ekimena antolatu duen Debako Goaz Antzerki Taldetik jakinarazi dutenez, egitaraua maiatzaren 22an hasiko da, 19:00etan, Simon Berasaluze plazan, Zurrunka Teatro & La Semilla Voladoraren 'Birakolore' kale ikuskizunarekin.

Ondoren, Debako Antzerki Astea Agirre jauregiko Ispiluen gelara lekualdatuko da, eta hainbat konpainiak euren lanak aurkeztuko dituzte: Zurriola Antzerki Eskolak 'Bernarda klownaren etxea' (maiatzak 23) eta Arrapaladan taldeak 'Abdukzioa, ke barbaridad!' (maiatzak 24). Astean zehar, tokiko sorkuntzak ere izango du bere lekua, eta Gozatuz ikastaroko umeek hainbat emanaldi eskainiko dituzte.

Aurtengo berritasunetako bat inprobisazioaren presentzia indartsua izango da. Supituki taldeak 'Supituki show' inprobisazio ikuskizuna eskainiko du maiatzaren 29an, eta maiatzaren 30ean eta 31ean, goizez, inprobisazio tailerra gidatuko du Ispiluen gelan.

Programazioa osatzeko, Itzuli konpainiak 'Adriene Bergson-Johnson' lana aurkeztuko du maiatzaren 30ean, eta Debako Antzerki Astea amaitzeko, maiatzaren 31ean, Gilkitxaro taldearen 'Alperrak, tunanteak eta maleanteak' antzezlana izango da ikusgai Itziarko Burugorrin.

Ohiko moduan, sarrerak aurrez online egongo dira eskuragarri, eta emanaldi bakoitzaren egunean bertan ere sarrerak lortzeko aukera egongo da.