Zineuskadi elkarteak sustatutako Noka Ekoizpena programaren hirugarren edizioak aurrera darrai eta sinopsian eta ekoizpenaren plangintzan oinarritutako bigarren modulua egin berri du. Hain zuzen, apirilaren 30ean Euskadiko Artxibo Historikoan (Bilbo) egindako lan bilerank abian dauden film luzeen garapenean eta plangintza praktikoan sakontzeko aukera eskaini zuen eta mentoretza prozesua eta talde lana indartu zituen.

Noka Ekoizpena egitasmoaren arduradunek jakinarazi dutenez, edizio honetan hautatutako proiektuak Yangxi Chen zuzendariaren eta Esmeralda Bravo ekoizlearen 'Gure etxea' eta Esther Vital zuzendariaren eta Aline Rajan-Harjanirena ekoizlearen 'If I die' dira.

Bada, Maider Oleaga zuzendari eta gidoigilearekin batera, parte hartzaileek beren proiektuen sinopsiak eraikitzen jarraitu zuten. Bloke berriaren xedea da narratiba definitzea eta istorio bakoitzaren ildo nagusiak finkatzea.

Halaber, ekoizpenari eskainitako atal bat ere izan zen jardunaldian, eta Sara de la Fuente ekoizleak zinemagileekin batera lan egin zuen proiektuen ekoizpena xehatzen lagunduz. Prozesuaren zati horri esker, film luze bakoitzaren behar praktikoak zehazteaz gain, horiek planifikatzeko eta aurreprodukzio fasean garatzeko tresnak ere eman ziren.

Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskaintzen dizkie zuzendari eta ekoizleei. Programaren helburuetako bat da aurrekontu egokiak prestatzea Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutuaren diru laguntzak eskatzeko, baita nazioarteko zinema industriako beste foro profesional batzuetara aurkezteko ere. Horrez gain, parte-hartzaileek ekoizpenaren plangintza egiteko laguntza jasoko dute, filmatzen hasi ahal izateko.

Abycine Lanza zinema independentearen profesionalentzako erreferentziazko merkatuan egingo den 'pitch' profesional batekin amaituko da prozesua. Hain zuzen ere, Noka Ekoizpenaren lehen edizioan parte hartu zuten bi proiektuek sariak jaso zituzten merkatu horretan: 'Canción Animal' filmak ECAM Forum saria irabazi zuen, eta 'La Koreana' lanak Porto Post Doc saria.