Síguenos en redes sociales:

Kimuak 2026 film laburren aukeraketan parte hartzeko deialdia egin dute

Kimuak programa Zineuskadi elkarteak kudeatzen du, Etxepare Euskal Institutuak finantzaketarekin

Kimuak 2026 film laburren aukeraketan parte hartzeko deialdia egin duteUtzitakoa

Euskal film laburrak sustatu, zabaldu eta banatzeko Kimuak programa publikoaren 2026ko deialdia egin dute, eta prozesuan zehar hautatutako lanak 'Kimuak 2026' izenpean bilduko dira eta gune espezializatuetan sustatuko dira, estatu zein nazioarte mailan. Kimuak programa Zineuskadi elkarteak kudeatzen du, Etxepare Euskal Institutuak finantzaketarekin.

Bada, Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez, edizio honetan hautatua izateak zuzkidura ekarriko dio film bakoitzaren ekoizleari, banaketa zerbitzuak kontratatzera eta horri lotutako gastuak estaltzera bideratuta.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten filmak aurkeztu behar izango dituzte. Parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake, betiere 2025eko ekainaren 1etik aurrera eginak badira.

Euskararen eremu geografiko osoan egindako euskarazko film laburrak onartuko dira deialdian, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekoizpenen kasuan, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke.

Filmak komertzialki estreinatu gabeak izan behar dira, eta gehienez ere 20 jaialditan inskribatuta egon izana onartuko da. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.basqueaudiovisual.eus webgunean daude eskuragarri.

Kimuak programak bere jarduna egungo testuingurura egokitu du, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarekiko konpromisoari eutsi dio. Bere ibilbidearekin, euskal ikus-entzunezkoa bultzatzen eta sortzaileentzako aukerak sortzen jarraitzen du.

1998az geroztik Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, programa Zineuskadik kudeatzen du, Etxepare Euskal Institutuaren finantzaketarekin. Halaber, Euskadiko Filmategiaren laguntza du hautatutako filmen proiekziorako.