Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Klaustroak euskal unibertsitate publikoaren estatutu berriak onetsi dfitu astearte honetan, klaustrokideen %73,7ren babesarekin. Era berean, erakundearen izena ere erabaki da Bilboko Bizkaia Aretoan egindako bilkuran, aldeko 106 botorekin, eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) deituko da.
Horrela, EHUko iturriek ohar bidez adierazi dutenez, estatutu berriei esker, ikasleen eta irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ordezkaritza handiagoa izango da aurrerantzean unibertsitateko organoetan, eta unibertsitatea osatzen duten egiturek autonomia eta presentzia gehiago izango dute.
Ia zazpi orduz luzatu den Klaustroa "oso parte hartzailea" izan da, eta EHUko kide askok hartu dute hitza, bai aurkeztutako alegazioak defendatzeko, bai gainerakoan iritzia emateko.
Leire Garmendia idazkari nagusiak eskertu egin die klaustrokide guztiei izandako jarrera, eta, adierazi duenez, "Klaustroan zehar izandako parte hartzeak bat egiten du estatutu berriek oinarrian duten helburu nagusiarekin: izaera demokratikoa indartzea".
Onartutako testuan jasotzen denez, EHU "unibertsitate plural eta feminista da, LGTBI+ baloreen defendatzailea, bizikidetzaren aldekoa eta komunitatea osatzen duten kolektibo guztiak aintzat hartzen dituena".
Ildo berean, unibertsitateko organoetan gehitu egin da ikasleen eta irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ordezkaritza eta haztapena errektorea aukeratzeko hauteskundeetan.
Hala, EHUren Klaustroak oniritzia eman dio saiora aurkeztutako estatutu proiektuari. Ia ehun alegazio ebatzi dituzte parte hartze oso zabalarekin, eta 237 klaustro kideetatik %85ek parte hartu du.
Era berean, klaustrokideek hiru aukeren artean gehiengoz bozkatu duten izen ofiziala Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) izan da, aldeko 106 botorekin. Hala, iazko ekainean aurkeztutako marka berriaren ildotik, euskara hutsez izendatuko da unibertsitatea aurrerantzean.