Síguenos en redes sociales:

Itsasmuseum Bilbaok ontzi tradizionalen zaharberritze arduratsurako jardunbide egokien eskuliburua egin du

Eskuliburua euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz argitaratu da eta eskuragarri egongo da interesa duen edonorentzat formatu fisikoan zein online deskargatzeko moduan

Itsasmuseum Bilbaok ontzi tradizionalen zaharberritze arduratsurako jardunbide egokien eskuliburua egin duUtzitakoa

Itsasmuseum Bilbaok 'Ontzi tradizionalen zarhaberritzerako eskuliburua' argitaratu du, zurezko itsasontzi tradizionaletan modu arduratsuan zaharberritzeko jardunbide egokiak barne hartzen dituen gidaliburua.

Aurkezpenean azaldu dutenez, arloan plazaratu den dokumentu "berritzailea" da, "Itsasmuseumen urteetan ontzi historikoen kontserbazioan metatutako zorroztasunetik, esperientzia praktikatik eta ezagutzatik sortua". Argitalpenaren helburua da "ondare bizi hori zaintzen laguntzea, haren dimentsio teknikoa ez ezik, balio kulturala, historikoa eta emozionala ere azpimarratuz".

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, aurkezpenean zehar azaldu duten bezala, liburuxka berezikizurezko ontzien jabe diren edo halakoak erosi nahi dituzten pertsonei zuzenduta dago, batez ere zortzi metroko luzerara arteko ontzien kasuan, bai eta ontziok martxan mantendu nahi dituztenei ere, haien benetakotasuna eta ondare balioa arriskuan jarri gabe.

Ikuspegi argi, didaktiko eta eskuragarri baten bidez, argitalpenak ontzi horiek zaharberritu, kontserbatu eta mantentzeko irizpideak eta orientabideak eskaintzen ditu, kalte atzeraezinak eragin ditzaketen zaharberritze desegokiak saihesteko.

Eskuliburua euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz argitaratu da eta eskuragarri egongo da interesa duen edonorentzat formatu fisikoan zein online deskargatzeko moduan.

BESTE GAI BATZUK

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Aztarna argitaletxeak 'Lourdes Iriondo. Ipuinak' eta 'Lourdes Iriondo. Antzezlanak' liburuak aurkeztu dituzte, egile donostiarraren lana berreskuratzeko helburuarekin. Batez ere haur eta gazteentzako idatzitako ipuin eta antzezlanak biltzen dituzte bi lanek, "eta berriro herritarren eskura jartzen dute haren literatura ondarearen funtsezko zati bat", aurkezpenean nabarmendu dutenez.

Ekitaldian izan dira Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatu Goizane Alvarez, Joxan Goikoetxea Aztarna argitaletxeko zuzendaria eta Lorea Jainaga eta Alexander Gurrutxaga liburukien argitalpenaren arduradunak.

Berrargitalpenekin, Iriondoren lana biziberritzen lagundu nahi dute Aztarna argitaletxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, "tinko sinetsirik sortzaile bat gogoratzeko modu onena dela haren lana berriro argitara ateratzea eta irakurle belaunaldi berrietara hurbiltzea".

Goizane Alvarezek azpimarratu duenez, "Lourdes Iriondoren lana berreskuratzea ezinbesteko sortzaile batentzat justizia kulturala lortzeko modu bat da, baina baita gure memoria kolektiboa indartzekoa ere. Euskal kultura askeagoa, sortzaileagoa eta haur eta gazteengandik hurbilagoa eraikitzen lagundu zuen emakume batez ari gara".