Síguenos en redes sociales:

URAk eta Itelazpik lankidetza berritu dute EAEn 'Ur Ibilbideak' sortzen jarraitzeko

Akordio berriak lankidetza esparrua ezarri du datozen lau urteetarako (2026-2029)

URAk eta Itelazpik lankidetza berritu dute EAEn 'Ur Ibilbideak' sortzen jarraitzekoUtzitakoa

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako URA Uraren Euskal Agentziak eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailari atxikitako Itelazpi sozietate publikoak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute 'Ur Ibilbideak' diseinatzen eta sortzen jarraitzeko. Ekimenaren helburua da Euskadiko ibai ekosistemen balioa ezagutaraztea, urarekiko ingurumen sentsibilizazioa sustatzea eta lurraldeko ur-aberastasuna herritarrei hurbilaraztea.

Asier Lopez Etxebarria URAko zuzendari nagusiak eta Xabier Zubiaur Agirre Itelazpiko zuzendari nagusiak sinatu duten hitzarmenak 2018an hasitako lankidetzari jarraipena ematen dio, eta, ordutik, Euskadiko ur inguruneko hainbat gunetan ibilbideak egiteko aukera eman du.

Asier Lopezek adierazi duenez, "lankidetza hau adibide bat da ikusteko erakunde publikoen arteko ekintza bateratuak zuzeneko ingurumen eta gizarte onurak sor ditzakeela, Euskadiko ibai ekosistemak ezagutzen eta kontserbatzen lagunduz".

Era berean, Xabier Zubiaur Agirrek nabarmendu duenez, "bi erakundeek baliabideen erabilera arduratsuarekin, ingurune naturalaren babesarekin eta jasangarritasun balioen hedapenarekin duten konpromisoa indartzen du hitzarmenak".

'Ur Ibilbideak' dibulgaziozko ibilbideak dira, eta Euskadiko ibai eremu berezienetako batzuk balioesten dituzte, hala nola ibai buruak, ur jauziak, hezeguneak eta interes ekologiko bereziko tarteak. Gaur egun, 59 ibilbide daude eskuragarri URAren webgunean euskal ondare hidrikoa modu erraz, seguru eta errespetuzkoan ezagutzeko interesa duen edonorentzat.

Ibilbide bakoitzak ingurumenari buruzko informazioa, balio natural nabarmenak eta erabilera arduraturako gomendioak biltzen ditu, ingurumen sentsibilizazioa sustatu, jabari publiko hidraulikoa herritarrei hurbildu eta ingurune naturalarekiko lotura sustatzen laguntzeko.

Urteotan URAk eta Itelazpik izandako lankidetzari esker, besteak beste, Inglares ibaiaren bidezidorrak, Oiartzungo ur jauzia, Izki ibaia bere parke naturalean eta Tertanga ibaiaren goi ibarreko ur jauziak diseinatu dira.

Akordio berriak lankidetza esparrua ezarri du datozen lau urteetarako (2026-2029). URAk konpromisoa hartzen du urtero Itelazpiri ibilbide egokienak proposatzeko (Itelazpieren azpiegituren kokapenetik abiatuta), ibilbide bakoitzaren diseinu teknikoan eta sentsibilizazioan laguntzeko; ibilbide berriak 'Ur Ibilbideak' gidan sartzeko eta Itelazpiren lankidetza ikusarazteko.

Itelazpik bere instalazioen mapa eguneratua bidaliko dio URAri urtero, ibilbide berriak diseinatuko ditu ur agentziak baliozkotutako metodologiari jarraituz, eta 'Ur Ibilbideak' ezagutaraziko ditu bere webgunearen eta sare sozialen bidez.