Puntueus Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateak Gladys Sariaren seigarren edizioa jarri dute martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Ingurune digitalean lanean ari diren emakume gazte euskaldunak aitortzea du helburu sariak, gazteentzat erreferente berriak sortuz eta emakumeen talentua teknologiaren esparruan nabarmenduz.

Gladys del Estal (1956-1979) informatikariaren izena daraman sariak, eta bere oroimena omentzeaz gain, egungo gizarte digitalaren erronkei erantzuten dieten emakumeak jarri nahi ditu erdigunean. Aurreko edizioetan Ane Iturzaeta, Olatz Perez de Viñaspre, Amaia Abanda, Lorea Argarate eta Usue Mori bezalako profesionalak saritu ostean, deialdi berriak Euskal Herriko emakume teknologoen sare indartsua elikatzen jarraitu nahi du.

Seigarren edizioaren aurkezpenean, Puntueus Fundazioko Lorea Arakistainek pozik iragarri du aldi berria: "Oso harro gaude emaitzekin. Gero eta hautagaitza gehiago jasotzen ari gara eta oihartzuna ere gero eta handiagoa da; sarituei egiten dien ekarpenaz gain, gizartean duen eragin positiboa funtsezkoa da gure helburuak lortzeko".

Gogorarazi du Gladys Saria 2021ean sortu zela, euskal ingurune digitalean erreferente berriak sortzeko helburuarekin. Bost urteko ibilbidean, "gero eta interes handiagoa" piztu du, eta horren erakusgarri da urtez urte aurkeztutako hautagaitza kopuruak izandako hazkundea.

Hasieratik, sariaren helburu nagusia emakume gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzea izan da. Zentzu horretan, Olatz Arbelaitz EHUko Informatika Fakultateko ordezkariak hezkuntzatik hasitako aniztasunaren garrantzia nabarmendu du: "Etorkizun hurbilean izango ditugun erronka teknologikoei aurre egiteko ezinbestekoa izango da lantaldeak anitzak izatea, eta hori posible izan dadin, ezinbestekoa da informatika eta teknologia ikasketetara gerturatzen den ikaslegoa bera ere anitza izatea".

DIAGNOSTIKO BATERATUA

Puntueusek eta EHUk sustatzen duten ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes nagusia du, eta bidelagun ditu Emakunde, Danobatgroup, Euskaltel Fundazioa, EiTB eta EHUko Berdintasun Zuzendaritza. Aurkezpenean parte hartu duten eragile guztiek bat egin dute diagnostikoan: emakumeen presentzia sustatzea ez da soilik justizia kontua, etorkizunerako ezinbesteko baldintza baizik.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Foru Organotik, Nerea Isasik sariaren balio sinbolikoa eta praktikoa gogorarazi ditu. Adierazi duenez, "ekimen honek emakumeen berrikuntza lana lehen lerroan jartzen du eta iruditeria kolektibo berri bat eraikitzen laguntzen du, belaunaldi gazteenen artean bokazio berriak piztuz".

Ildo beretik, ikuspegi sistemikoago batetik, Emakundeko idazkari nagusi Noemi Ostolazak paradigma aldaketa eskatu du. Izan ere, bere iritziz, "genero arrakala ez da soilik presentzia kontua; zientziak duen ikuspegi androzentrikoarekin bukatu behar da. Egiturazko aldaketa bat behar dugu, berdintasuna modu sistemikoan txerta dadin".

SEIGARREN EDIZIOA

Abian den edizioan 40 urte arteko emakumeek parte hartu ahal izango dute, eta ingurune digitaleko edozein arlotakoak izan daitezke. Sari bakarra izango da eta epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa, egin duen ibilbide profesionala, eta emakumeak sektorean inspiratzeko eta ahalduntzeko gaitasuna.

Izen-ematea zabalik dago jada, eta hautagaitzak www.gladyssaria.eus webgunean aurkez daitezke ekainaren 1era arte. Irabazleak 4.000 euroko ordainsaria jasoko du.