Ipar Euskal Herrian bi urtean behin jokatzen den Hernandorena bertsolari gazteen txapelketa jarriko da martxan larunbatean, apirilaren 18an, Pagolako (Nafarroa Beherea) Auzteia ostatuan egingo den lehen sailkatze saioarekin.
Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, Teodoro Hernandorena Barandiaran (1898-1994) zizurkildarra Donibane Lohitzunera joan zen 1936ko gerraren ondotik. Euskal herritar politikari eta kulturgilea izan zen, eta Hegoaldean ziharduen gisan, Iparraldean ere kulturgintzaren eremuan segitu zuen lanean eta bertsolaritzaren sustapenean saiakera handia egin zuen. Bera izan zen, besteak beste, Mattin Treku eta Fernando Aire 'Xalbador' bertsolariak Euskal Herriko plazetara atera zituena.
Bada, haren omenez, Euskal Herri guztiko bertsolari gazteak gonbidatuta dauden sariketari Hernandorena izena eman zitzaion. Lehen edizioa orain hogei urte egin zen eta ordutik ez du etenik izan. Gazte Xilabako ibilbidetik plazako ibilbidera jauzia ematen ari diren 25 urte arteko gazteak ditu xede, txapelketa handien lehiakortasunetik kanpo, lagun arteko norgehiagokan.
Aurtengo edizioan 12 bertsolari gaztek hartuko dute parte: Nahia Etxeberri Lopepe (Ainhize-Monjolose), Pagoa Bidart Hirigoien (Hazparne), Araitz Katarain Mugerza (Mallabia), Josu Txoperena Iribarren (Hendaia), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Danel Herrarte Nafarrete (Aramaio), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña), Irantzu Idoate Funosas (Hazparne), Sabin Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio), Johane Larre Salaberri (Baiona), June Aiestaran Iparragirre (Beasain) eta Izaro Bilbao Arostegi (Mungia).
Lehen sailkapen saioa larunbatean izango da Pagolako Auzteia ostatuan, 19:00etan, eta Nahia Etxeberri, Pagoa Bidart, Araitz Katarain, Josu Txoperena, Kattin Madariaga eta Danel Herrarte bertsolariek abestuko dute. Gai emailea Aritz Bidegain izango da. Bigarren sailkapen saioa apirilaren 24an izango da Hendaiako (Lapurdi) Enbata gaztetxean, 19:30ean, eta finala Herri Urrats egunaren bezperan jokatuko da, maiatzaren 9an, Uztaritzeko (Lapurdi) Latsa gelan, 19:00etan. Sariketa ilustratzen duen irudia Mari Campistronek sortua da.