Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 'Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu' egitasmoa jarriko du abian Vuillabonan (Gipuzkoa) asteazkenean, apirilaren 15ean, 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ekimen ibiltaria, bide arriskuak identifikatzeko eta autobabeserako eta trafiko istripuen prebentziorako tresnak emateko kolektibo kaltebera horri.
Eustat estatistika erakundearen arabera, 2025ean, 65 urtetik gorako pertsonen kolektiboa EAEko biztanleriaren %24,3 zen (539.769 pertsona guztira), aurreko urtean baino %0,3 gehiago, eta talde horretako sei pertsona hil ziren trafiko istripuetan, hau da, hildako guztien %14,3. Gainera, adin talde horretako 121 pertsonak zauri larriak jasan zituzten.
Bada, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, 'Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu' jolas programa hezitzailea da, eta Euskadiko 16 herritan izango da datozen hilabeteetan. Herri bakoitzean bi ekintza egingo dira: kaleko ekintza bat, egun osoan zehar egingo dena, eta arratsaldeko beste saio bat, adinekoentzako udal zentro batean egingo dena.
Herri bakoitzean 'coffe truck' bat jarriko da kalean, eta parte hartzaileek bide segurtasunari buruzko jokoez gozatu ahal izango dute, arriskuak identifikatzen eta prebenitzen laguntzeko: autotest tabletetan, multimedia jarduerak pantaila interaktiboetan, bide segurtasunaren gaira egokitutako herri jolasak, denborapasak eta abar.
Arratsaldeko saioak adinekoentzako udal zentroetan egingo dira. Konpromisoak hartzeko taldeko saioak izango dira, eta adinekoen mugikortasun segururako jardunbide egokien dekalogo bat landuko dute bertan. Agiri hori, herri bakoitzean ezberdina izango dena, zentroan ikusgai jarriko da, hartutako konpromisoak gogoan izateko eta jardunbide horiek eguneroko bizitzan jarraitzeko.
Umorista baten bakarrizketak emango dio amaiera saio bakoitzari, eta bide segurtasunari buruzko mezuak umorez sartuko ditu emanaldian, parte hartzaileei trafiko istripuei aurre hartzearen garrantzia gogora ekartzeko.
VILLABONA
Kanpaina asteazkenean hasiko da, apirilaren 15ean, Villabonan; kaleko ekintza Berdura plazan egingo da, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era, eta egitarauak Salbadora Jubilatu Etxean jarraituko du arratsaldean, 16:30ean parte hartzeko saio batekin eta 18:00etan bakarrizketarekin.
Villabonatik igaro ondoren, 'Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu' ekimenak, uda aurretik, Dulantzi (apirilak 16), Hondarribia (apirilak 21), Urduña (apirilak 23), Hernani (apirilak 29), Galdakao (maiatzak 4), Bermeo (maiatzak 7), Gorliz (maiatzak 11) eta Zuia (maiatzak 13) bisitatuko ditu. Ekimenak irailean jarraituko du hitzordu berriekin Euskadiko beste udalerri batzuetan.
Sentsibilizazio programa hau 2023. urtean jarri zen martxan eta, iaz, ekimena 20 udalerritara iritsi zen eta 6.000 pertsona inguruk parte hartu zuten.