Trafiko bolumen txikiagoarekin eta hildakorik gabe igaro da Aste Santua EAEn
Aurreikusitakoa baino trafiko bolumen txikiagoarekin eta hildakorik gabe igaro da aurtengo Aste Santua Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Batez beste 534.000 joan-etorri erregistratu dira sartzeko eta beste horrenbeste irteteko, hau da, 2025ean baino ia %0,2 gutxiago, Eusko Jaurlaritzak asteazken honetan zabaldutako datuen arabera.
Aste Santuko ibilbide luzeko trafiko bolumena eguraldiak baldintzatzen du bereziki, eta Aste Santuko irteera operazioaren egun nagusiak diren asteazkenean (apirilak 1) eta Ostegun Santuan (apirilak 2) aurten izandako prezipitazioek eragina izan dute mugikortasunean. Ondorioz, joan-etorriak ez dira hasierako aurreikuspenera iritsi, eta iazko aldi berean erregistratutako datuak baino apur bat txikiagoak izan dira.
Mugaz gaindiko trafikoari dagokionez, Biriatuko mugan %6,4ko igoera erregistratu da 2025eko Aste Santuarekin alderatuta. Aurreikusitakoa baino askoz handiagoa izan da igoera, eta larunbatetik (apirilak 4) Pazko Astelehenera (apirilak 6) izandako udako tenperaturei dagokie batez ere.
Hiriburuetako sarrerei dagokienez, nabarmentzekoa da Bilborakoak %4 jaitsi direla, Donostiakoak %2 igo diren bitartean; Gasteizko datuak aurreko urtekoen antzekoak izan dira, aldaketa esanguratsurik gabe.
Bestalde, 78 zirkulazio istripu izan dira EAEko errepideetan 2026ko Aste Santuan, apirilaren 1etik 6ra bitarte, ez da hildakorik erregistratu eta bost pertsona larri zauritu dira. Horrela, istripu tasa %29 jaitsi da 2025aren aldean, iaz 110 zirkulazio istripu erregistratu baitziren.
GUNE KRITIKOAK
Trafiko fluxu handienak ohiko tokietan erregistratu dira, baina iazko Aste Santuan baino dentsitate txikiagoekin. Bizkaian, irteera operazioan, auto ilara handienak apirilaren 4an izan ziren, 11:45etik 13:30era. Trafikoak 12:00ak inguruan jo zuen goia, bederatzi kilometrorainoko auto ilarekin, ibilgailuen joan-etorri handiak eraginda.
Aitzitik, apirilaren 2an egoera askoz arinagoa izan zen, bi kilometroko auto ilarak izan baitziren noranzko berean, 2025eko Aste Santuko egun baliokidean erregistratutako 15 kilometrko auto ilaretatik oso urrun.
Itzulera operazioan, apirilaren 6an, 21:10etik 22:45era, bi kilometroko auto ilarak sortu ziren A-8 autobidean, Muskiz parean, Donostiarako noranzkoan, lau ibilgailuk eragindako bi istripuren ondorioz.
Orobat, A-8aren Bilbo eta Haga arteko zatian jarritako garabi arinen zerbitzua sei aldiz mobilizatu da, lautan matxurengatik eta birritan istripuengatik, hain zuzen ere.
Gipuzkoan, Aste Santuko irteera operazioak trafiko gorabehera handiak utzi zituen bide sareko hainbat tokitan. Apirilaren 2an, auto ilarak izan ziren AP-8an, Baionarako noranzkoan, Biriatuko ordainlekuaren parean, 10:20 eta 14:50 artean, ibilgailu asko zeudelako; sei kilometrokoak izan ziren 12:45 inguruan, 2025eko jardunaldi baliokidean zenbatutako zortzi kilometroak baino txikiagoak.
Apirilaren 1ean ere auto ilarak sortu ziren gune berean, bost kilometroi ingurukoak, Baionarako noranzkoan, aurreko urteko data berean erregistratutako zazpi kilometroetatik behera.
Bestalde, apirilaren 2ko goizean, zisterna kamioi batek istripua izan zuen N-1 errepidean, Idiazabal parean eta Gasteizko noranzkoan, eta zazpi kilometrorainoko auto ilarak eragin zituen 07:50 eta 12:30 artean.
Halaber, apirilaren 6an arazoak sortu ziren A-15 errepidean, Elduain parean, Donostiarako noranzkoan. Auto ilarak zazpi kilometrokoak izan ziren 17:50 inguruan, trafikoaren intentsitatearen eta tuneletako obrengatik jarritako bypass-aren ondorioz.
Araban, irteera operazioak hiru kilometrorainoko auto ilarak sortu zituen Armiñongo korapiloan -A-1 eta AP-1 errepideen arteko lotunea, Burgos-Madril noranzkoan-, apirilaren 1eko arratsaldean eta apirilaren 2ko goizean; 2025eko data baliokideetan, berriz, bost kilometro erregistratu ziren puntu horretan.
Itzulera operazioan, apirilaren 6an ez zen auto ilararik izan gune horretan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Arabako Foru Aldundiarekin koordinatuta, AP-1 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Armiñongo korapiloan, Gasteizko noranzkoan, ezarritako seinaleztapen operatiboari esker.
Azkenik, Pazko Astelehena Frantziako Estatuan ere jaieguna denez, apirilaren 7an hiru kilometrorainoko ibilgailu astunen auto ilarak sortu ziren mugako pasabidean.
Temas
Más en Sociedad
-
Investigado por circular 27 km en sentido contrario drogado y con un coche con caravana
-
Voto e inteligencia artificial, las plataformas no son imparciales de todo
-
Detenido por la muerte de un hombre frente a un local de ocio de Barbate (Cádiz)
-
Euskadi activará domingo y lunes el aviso amarillo de riesgo en la navegación por olas