Síguenos en redes sociales:

Bilboko Portua Miamiko Seatrade Cruise Global gurutzaontzien azokan izango da datorren astean

Bilboko Portua Miamiko Seatrade Cruise Global gurutzaontzien azokan izango da datorren asteanUtzitakoa

Bilboko Portuko Agintaritzak gurutzaontzien turismoa sustatuko du aurten ere Seatrade Cruise Global sektoreko nazioarteko azokarik handienean, apirilaren 13tik 16ra, Miamin (AEB). Bizkaiko eta Euskadiko erakargarritasunak eta Bilboko Portuak Getxon dituen instalazio modernoak erakusteaz gain, portu agintaritzak hitzordu ugari itxi ditu ontzi konpainiekin eta bidaia antolatzaileekin.

Bilboko Portuko Agintaritzatik jakinarazi dutenez, topaketa komertzialak egingo dira azokan bertan horretarako jarriko den standean eta prestatu diren beste gune batzuetan, baita agendan sartutako ekitaldi paraleloetan ere, ostalaritza, merkataritza edo kultura bezalako sektoreei onura handiak ekartzen dizkien turismoa sustatzeko asmoz.

Bilerotan, Bilboko Portuko Agintaritzako ordezkariek portuko gurutzaontzi terminalak elektrifikatzeko egiten ari diren lanak azalduko dituzte, Onshore Power Supply (OPS) sistema hedatuz, nazioarteko ontzi enpresa nagusiek eskatzen dituzten ingurumen eta eragiketa estandarrekin guztiz bat datorren helmuga izan dadin. OPS sistemari esker, gurutzaontziek lurreko sare elektrikora konektatu ahal izango dute portuan dauden bitartean, motor osagarrien erabilera ezabatuz eta emisioak, zarata eta bibrazioak nabarmen murriztuz.

Guztira, Getxoko gurutzaontzi terminalek bi OPS konexio puntu izango dituzte, ontzi bakoitzeko 16 MVA hornitzeko ahalmenarekin, gurutzaontziei hornidura elektrikoa emateko nazinoarteko IEC/ISO/IEEE 80005 estandarrei jarraikiz. Une honetan, proiektua gauzatze fasean dago, eta gurutzaontzien terminaletan OPS martxan jartzea 2027aren amaierarako aurreikusita dago, 2028an lehen konexioak egiten has daitezen.

Bilboko Portuko Agintaritzak ordaintzen du proiektua, eta Europako Batzordearen finantzaketa du, CEF (Connecting Europe Facility) programaren, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia – NextGenerationEU Planaren eta EIBren (Europako Inbertsio Bankua) bidez.