Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak UNESCOren Global Education Monitoring (GEM) Report 2026 txostenaren plazaratzean parte hartuko du gaur, martxoak 25, asteartea, Parisen. Nazioarteko foro horretan, Euskadik bere esperientzia partekatuko du, bigarren hezkuntzaren ondoko hezkuntzarako sarbidea zabaltzeko eta prestakuntza-ibilbideen jarraitutasuna bermatzeko. Topaketak 26 herrialde baino gehiagoko hezkuntza-ministroak eta mundu osoko hezkuntza-arduradunak bilduko ditu, nazioarteko hezkuntza-agenda 2030etik haratago bideratzeko une garrantzitsu honetan hezkuntzarako sarbideari eta ekitateari lotutako aurrerapenak eta erronkak aztertzeko.
Pedrosak “Konpromisoetatik inpaktura: herrialdeek bigarren hezkuntzaren ondokoaren inguruan dituzten aurreikuspenak” nazioarteko panelean parte hartuko du gaur arratsaldean. Honako parte-hartzaile hauek ere izango dira bertan: Ulrike Pisiotis, Europako Batzordeko Datuetan eta Ebaluazioan Oinarritutako Politiken Unitateko buru ondokoa; Pablo Fraser, GEM Txostenaren hezkuntza-jarraipenaren arduraduna; Noah W. Sobe, UNESCOko Goi Mailako Hezkuntzako Ataleko burua; Henriette Reierson Johnstone, Ikasleei eta Akademikoei Laguntzeko Nazioarteko Foroko presidentea (Norvegia); Borhene Chakroun, UNESCOko Bizialdi Osoko Ikaskuntzarako Politiken eta Sistemen Dibisioko zuzendaria; eta Mirela Kumbaro Furxhi, Albaniako Hezkuntzako ministroa. Eztabaida horretan, bigarren hezkuntzaren ondoko hezkuntzarako sarbidea zabaltzea ahalbidetzen duten politikak eta esperientzia arrakastatsuak bateratuko dira, kualifikazio-maila hobetzeko, bereziki zailtasunik handienak dituzten kolektiboen kasuan.
Testuinguru horretan, Euskadik hezkuntza eskuratzea ahalbidetzeaz gain pertsona gehiagok sisteman irautea eta beren prestakuntza osatzea erraztuko duen hezkuntza-sistema bat eraikitzeko moduari erreparatuko dio.
Lanbide Heziketa, hezkuntzan sartzeko eta jarraitzeko bidea
Euskadiko Lanbide Heziketako ereduak bigarren hezkuntzaren ondokora iristeko hainbat bide eskaintzen ditu, pertsona bakoitzaren egoeraren arabera.
Haien artean, Hasierako Lanbide Heziketak hezkuntza-sisteman jarraitzeko aukera ematen die derrigorrezko hezkuntza amaitu ez duten ikasleei. Horren bidez, bizitzarako oinarrizko konpetentziak ematen dizkie ikasleei, eta hainbat lanbide-arlotan erdi-mailako zikloetan sartzeko aukera errazten die gero.
Horrez gain, prestakuntza-unitateak partzialki ikasteko aukera ematen duen modulu-eskaintza bat dago, baita helduei edo bertaratzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako modalitate erdipresentzialak ere. Sistemak, halaber, lanbide-gaitasunak egiaztatzeko prozedurak ere baditu, lan-esperientziatik abiatuta kualifikazio ofiziala lortzea ahalbidetzen dutenak eta hezkuntza-sisteman berriz sartzea errazten dutenak, hutsetik hasi beharrik gabe.
Bide horiek elkarren artean konektatutako gradu eta maila batzuetan egituratzen dira eta, egitura horri esker, pixkanaka aurrera egin daiteke eta prestakuntzari bizitzako une desberdinetan ekin dakioke berriz. Euskadik, gainera, orientazioa, ikasleentzako laguntza eta Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko pasabideak indartu ditu, 59 unibertsitate-gradutarako sarbidea ematen duten 260 ibilbide baino gehiagorekin. Ikuspegi hori bat dator Eusko Jaurlaritzak pertsona guztiei aukera gehiago emango dien hezkuntza-sistema eskuragarriago baterantz aurrera egiteari ematen dion lehentasunarekin.
Begoña Pedrosa sailburuak adierazi duenez, “funtsean, eredu honen helburua da Lanbide Heziketa hasierako hezkuntza-etapa bat ez ezik, etengabe ikasteko sistema bat ere izatea, etengabe eraldatzen ari den lan-merkatuaren aurrean lehiakortasunari eta enplegagarritasunari eutsiko diena”.
Testuinguru horretan, Begoña Pedrosa sailburuak iragarri du Hezkuntza Sailak laster aurkeztuko duela Hasierako Lanbide Heziketaren estrategia berria, sarbidea, hezkuntza-jarraitutasuna eta ikasleen askotariko profilei eman beharreko erantzuna indartzera bideratua.