Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak "Euskal Herriko legediaren historian erreferente" bihurtu den Miguel Castells Artetxe (Busturia, Bizkaia, 1931) abokatuari emango dio 2026ko 'Monzon-Ganuza, Euskal Utopikoei Saria'. Ekitaldia asteartean izango da, martxoaren 10ean, Bergarako (Gipuzkoa) Seminarixoan.
Bergarako Udaletik eta Olaso Dorrea Fundaziotik gogorarazi dutenez, sariak Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza omendu nahi ditu, "askatasunaren aldeko borrokan elkarrekin egin zuten ibilbideagatik". Sariaren antolatzaileen arabera, "utopia ez da helmuga bat, egunero bidean jarraitzera bultzatzen gaituen horizontea baizik".
Horregatik, 2021. urtetik gaurdaino, Monzon-Ganuza sariak bizi osoa Euskal Herriaren, euskararen eta euskal kulturaren alde eman duten pertsonak omendu ditu: Libe Goñi (2021), Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastui (2022), Xabier Amuriza (2023), Jose Mari Esparza (2024) eta Amaia Zubiri (2025).
Bada, edizio honetako hautatua Miguel Castells da, "Euskal Herriko legediaren historian erreferente bihurtu den abokatua". Busturian jaio zen 1931n, eta gaztetatik bizi izan zuen injustiziaren errealitatea: ama bost urterekin galdu zuen, eta, Terueleko bataila galdu ostean, aita espetxeratu zuten.
1956tik abokatu aritu da, eta ordutik "ahulen alde lan egitea" hartu zuen konpromiso pertsonal eta profesional gisa. 1960ko hamarkadan, ETAko auzipetuen defentsarako taldeak antolatzen lagundu zuen, eta 1970eko Burgosko Prozesuko abokatuetako bat izan zen.
Nabarmendu dute Castells "erreferentziazko legelaria" dela eta bere irizpide juridikoak gaur egun ere unibertsitateetan erabiltzen direla. Orobat, "behartsuen aldeko konpromiso etikoari" eutsi izan diola azpimarratu du.
Miguel Castellsi saria emateko ekitaldi irekia asteartean izango da, 18:30ean, Bergarako Seminarixoan. Sarituak euskal artista gazte baten obra jasoko du bertan.