Lehiaren Euskal Agintaritzak eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak datozen lau urteetarako lankidetza hitzarmena sinatu dute, harremanetarako eta partaidetzarako bideak sustatzeko, euren jardueren elkar ezagutza bultzatzeko eta elkarri laguntzeko, bakoitzak bere zereginei baliozko informazioa eta ikuspegi garrantzitsuak txertatzeko.

Bi eraundeek jakinarazi dutenez, akordioaren helburua sinergiak bultzatzea eta jarduketak hobeto gauzatzea eta hobetzea da, bakoitzaren eskumenen eta helburuen esparruan. Hala, ezagutza eta informazio garrantzitsua partekatzeaz eta elkarri laguntza teknikoa emateaz gain, interes komuneko gaiei buruzko topaketak, mintegiak edo sinposioak egiten laguntzeko konpromisoa hartu dute.

Ainara Herce San Martin Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak sinadura ekitaldian adierazi duenez, "erakundeen arteko lankidetzaren alde egin dugun apustuak emaitza onak emango ditu bi aldeentzat. Lehia eraginkorrarekin dugun konpromisoa indartzen dugu, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen ikuspegi garrantzitsua eta ondo informatua txertatzen baitugu, eta horrek lehia defendatzeko eta sustatzeko gure jarduketak aberastuko ditu".

AKORDIOA

Bestalde, Javier Muñecas Herreras Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen presidenteak nabarmendu du akordioak indartu egiten duela erakundeak "eragile ekonomiko eta sozialen arteko topagune gisa duen zeregina, lehiaren ikuspegia gehituz, garapen ekonomiko justu, jasangarri eta kohesionaturako elementu garrantzitsu gisa".

"Hitzarmen honi esker, politika publikoei egiten dizkiegun ekarpenen kalitatea zabaldu eta dibertsifikatu ahal izango dugu, merkatuen funtzionamenduari eta haien eragin sozialari buruzko ikuspegi osoagoa txertatuz", gaineratu du.