Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Eider Inunciaga Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia Nazio Batuen Erakundeko (NBE) agentzia nagusietako zuzendariekin bildu dira, Bilboko 2030erako Toki Koalizioaren egoitzan aste honetan egiten ari den lan topaketaren baitan.
Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, lehen aldiz, NBEko agentzia gehienek goi mailako ordezkaritza izango dute topaketan, tartean NBE-Habitat, FAO, UNECE, UNPD, UNFPA, DCO, WHO, UNEP, UN DESA, ILO, ECA, EOSG eta Joint SDG Fund.
"Lorpen hori mugarri garrantzitsua da Toki Koalizioarentzat, Nazio Batuen Erakundearen sistemaren eta UN80 erreformaren agendaren barruan lokalizazioari buruzko erreferentzia plataforma gisa finkatzen baitu", nabarmendu dute.
Jardunaldi horietan, zuzendariek elkarlanean egingo dute lan koalizioak datozen urte bietarako dauzkan estrategien eta lehentasunen inguruan, eta "elkarrizketa giltzarriak eta erabaki estrategikoak" sortuko dituzte, GJHak tokiko azelerazioan daukaten eragina indartzeko.
BILBO
Bestalde, Bilboko Udalak bi ordu luzatuko du ostalaritzako lokalen itxiera ordutegia aratusteak direla eta, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak hiriko ekitaldi eta jai handien ondorioz egindako eskariari erantzunez. Kasu honetan, ordutegia ostiralean eta larunbatean luzatu ahalko da, otsailaren 13an eta 14an.
Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, ordutegia ostalaritzako lokal guztientzat luzatuko da, egunekoentzat, osagarrientzat eta terrazentzat izan ezik, ohiko ordutegia mantenduko baitute. Establezimenduen kanpoaldean edariak kontsumitzeko ordutegia ere ez da luzatuko.
Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak ordutegia luzatzeko eskatu ohi dio Bilboko Udalari egun seinalatuetan, eta horrela, Aste Santuan (apirilak 3 eta 4), errugbiko finaletan (maiatzak 21, 22 eta 23), Aste Nagusian (abuztuak 22-29), BIME jaialdian (urriak 27-29), Halloween egunean (urriak 31), Gabonen aurretik (azaroak 27-28 eta abenduak 3, 4, 5, 10, 11 eta 12) eta Gabonetan (abenduak 17, 18, 19, 24, 25, 26 eta 31 eta urtarrila 1, 2 eta 5) luzatuko da itxiera ordutegia.