Síguenos en redes sociales:

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko anatomia tailerra berritzeko lanak hasiko dira aurki

Aurreikuspenen arabera, guztira, Bizkaiko campusak 100.000 eurotik gorako inbertsioa egingo du anatomia tailerraren konpontze, egokitzapen eta berritze lanetan zein makinaria berritzen

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko anatomia tailerra berritzeko lanak hasiko dira aurkiUtzitakoa

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean dagoen anatomia tailerrak dituen itoginek filtrazio larriak eragin dituzte eta sabaia ezinbestean konpondu beharra dago. Bada, Bizkaiko campusak hartu du bere gain obra, dagoeneko esleitu dira lanak eta euri egunak pasa eta berehala hasiko dira lanean beharginak.

EHUko iturriek jakinarazi dutenez, ia 21.000 euroko inbertsioa egingo da ur filtrazioak saihesteko obretan. Ondoren, anatomia tailerra atontzeko lanek jarraituko diote, 8.252,90 eurokoak, eta beste 80.000 euro inguru inbertituko dira tailerreko makinaria berritzeko.

Izan ere, "azken urteetan, anatomia ikasgaian gorpuak erabiltzeko prebentzio irizpideak zorroztu egin dira eta erabiltzen den tresneriaz gain, protokoloak egokitzea dakar horrek", Joseba Pineda EHUren One Health Osasun komisionatu eta fakultateko dekano ohiak azaldu duenez.

Anatomia tailerraren arazoak aspalditik datoz, eta hainbat baldintzaren batuketaren ondorioa dela iritzi dio Osasun komisionatuak: "Azpiegituraren mantenua minimoetan izan da, gutxieneko finantzazioarekin, fakultatearen Basurtuko eraikin berriaren inbertsioa lehenetsi baita".

Errektoretza taldeak 2025eko urriaren 15ean izan zuen anatomia tailerraren egoeraren berri, eta berehala ekin zion lekuaren egoera onbideratzeko neurriak hartzeari, Bizkaiko campuseko eta Komunikazio Errektoreordetzatik.

Behin sabaia konponduta, barruko obrak egingo dira, besteak beste, gasak xurgatzeko kanpaia eta aireztatze azpiegitura hobetzea, gorpuak gordetzeko hozkailu berria eta giroa kontrolatzeko neurgailuak berritzea.

Gorpuak erabiltzeko protokolo prozedurak eta teknikarientzako formakuntza egokituak ere landuko dira; azken hori, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak eta EHUko Prebentzio Zerbitzuak elkarlanean bideratuko dute.

Aurreikuspenen arabera, guztira, Bizkaiko campusak 100.000 eurotik gorako inbertsioa egingo du anatomia tailerraren konpontze, egokitzapen eta berritze lanetan zein makinaria berritzen.