Unibertsitateko bekak eskuratzeko baldintzak zabalduko ditu Jaurlaritzak hurrengo deialdian
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak iragarri du hobetu egingo dituela 2026-2027ko ikasturteko deialdian aplikatuko diren unibertsitateko ikasketa eta beste goi mailako ikasketa batzuk egiteko bekak eskuratzeko baldintzak. Helburua da onuradunen kopurua handitzea eta Euskadiko errealitate sozioekonomikora egokitutako laguntza-sistema bidezkoago baterantz aurrera egitea.
Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak azaldu duenez, neurriak azken urteetan atzemandako "joera kezkagarri" bati erantzuten dio: 2023-2024ko ikasturteaz geroztik, ukatutako beken kopurua handiagoa izan da emandakoena baino. Egoera hori 2025-2026ko deialdira arte mantendu da, eta, batez ere, Espainiako Estatuko errenta atalaseak izozteari lotuta dago, ez baitute behar bezala islatzen Euskadiko bizitzaren kostua.
Datuek bilakaera hori berresten dute. 2023-2024ko ikasturtean 20.401 eskabide aurkeztu ziren, eta horietatik 9.593 eman; 2024-2025ean, 20.430 eskaera egin ziren, eta 9.633 beka eman; ikasturte honetan, 20.068 eskaera izan dira, eta ukatutakoak emandako bekak baino gehiago dira oraindik.
Egoerari buelta emateko, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak errenta tarte berria sartuko du datorren uztailean argiratuko den hurrengo deialdian. Tarte horrek %10 igoko du familia errentaren muga eta goiko atalaseari dagozkion zenbatekoak mantenduko ditu; hala, Estatuan indarrean dauden hiru atalaseak gainditu arren errenta doituak dituzten familiak artatzeko aukera emango du.
Neurri horrekin, familia onuradunen kopurua %15 inguru handituko dela kalkulatu da, eta horrek ekarriko du 1.500 familia berri inguru sartzea unibertsitate beken sisteman eta goi mailako hezkuntzan sartzeko aukera berdintasuna benetan indartzea.
Perez Iglesiasek azpimarratu duenez, "beken deialdi orokor honen lehentasuna da zailtasun ekonomiko handienak dituztenei unibertsitaterako sarbidea erraztea, sistema bidezkoago eta euskal errealitate sozioekonomikora egokituago baterantz aurrera eginez".
Temas
Más en Sociedad
-
Un centenar de artistas y grupos vascos exigen transparencia y equidad en el reparto del dinero público
-
El 84% de las adjudicaciones de vivienda protegida en alquiler en Euskadi corresponde a solicitantes identificados con DNI
-
El acusado de quemar a una bebé de 16 meses defiende que fue "un accidente"
-
Los médicos vascos avisan de que el conflicto seguirá abierto mientras continúe Mónica García