Switch proiektu europarrak bilkura egingo du Donostian astearte honetatik ostegunera, otsailaren 3tik 5era, GOe-Gastronomy Open Ecosystem gunearen baitan, eta elikadura osasuntsuago eta jasangarriago baterako trantsizioan adituak diren Europako ordezkariak bilduko ditu, orain arte egindako ikerketa lana aztertzeko eta azken jarduera urteari hasiera emateko.
BC3 Klima Aldaketarak Euskal Zentrotik jakinarazi dutenez, elikadura sistema jasangarri, seguru, osasuntsu eta inklusiboetara bideratutako trantsizioa lehentasuna da Europar Batasunarentzat (EB), Nazio Batuen Erakudnearen (NBE) Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat etorriz.
Hala ere, helburu hori erdiesteko oztopo handi bat dago oraindik, alegia, elikadura arloko kontsumo erabakiek duten eragina ez dela guztiz ezagutzen, eta horrek mugatu egiten duela osasunarentzat eta ingurumenarentzat onuragarriagoak diren dietak eskala handian ezartzea.
Bada, egoera horri aurre egiteko eta herritarren portaera aldaketak bizkortzeko asmoz sortu zen Switch proiektu europarra. EBk finantzatutako egitasmoak partzuergoko kideak bilduko ditu aste honetan Donostian, GOe-Gastronomy Open Ecosystem zentroan, orain arte egindako bidea ebaluatzeko eta proiektuaren azken urteari hasiera emateko.
2022az geroztik, Switch proiektuko erakundeak elikadura sektoreko eragileekin elkarlanean aritu dira Europa osoko sei gunetan: lehena Berlinen (Alemania), bigarrena Montpellierren (Frantzia), hurrengoa Göteborgen (Suedia), beste bi Erroman eta Sardinian (Italia) eta azkena Gipuzkoako hiriburuan.
Euskal 'hub'-a hiru erakunde nagusik osatzen dute: BC3 Basque Centre for Climate Change klima aldaketarako zentroak, GOe Tech Centerrek (Basque Culinary Centerreko gastronomia zentro teknologikoa) eta Kutxa Fundazioak. Erakunde horiek aktiboki lagundu dute proiektua garatzen ikerketaren, berrikuntzaren eta inpaktu sozialaren alorretik ezagutza eta esperientza eskainiz, egungo elikadura sistemaren erronkak ulertzeko eta hobekuntza aukerak identifikatzeko.
Horrela, Euskadin hainbat jarduera jarri dira abian, tartean Ausolanekin eta Eroskirekin bana lankidetzan helburu bikoitzarekin: alde batetik, eskola jantokietako menuetan eskaintza gastronomiko jasangarriagoak sartzeko, eta, bestetik, jasangarritasunaren arloan supermerkatuko kontsumo lehentasunak ezagutzeko.
MODUAK ALDATU
Praktikan, Switch proiektuak elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko modua aldatu nahi du, elikadura sistema jasangarriak babesten dituzten teknologiak, gizarte ekimenak eta berrikuntzak uztartuz. "'Living lab'-etan jarduerak baldintza errealetan ezartzeak praktikarik onenak Europa osoan zabaltzea ahalbidetuko du", ziurtatu dute BC3tik.
Aste honetako bileran, jardueretan parte hartu duten Euskadiko elikadura ekosistemako enpresak (Eroski eta Ausolan) eta proiektuaren helburuekin bat datozen lurralde politikak ezagutuko dituzte Europako beste leku batzuetako 'hub'-en bazkideek Tabakaleran egingo den ekitaldian.
Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Elikadura Misioa' aurkeztuko die partzuergoko kide diren erakundeei, lurraldeko elikadura sistemaren eraldaketa bultzatzera bideratutako ekimen estrategikoa, hain zuzen ere.