La Piel antzerki konpainia nafarrak 'Urargi' sei hilabete eta hiru urte arteko haurrei zuzendutako "ikuskizun sentsoriala" aurkeztuko du larunbatean, otsailaren 7an, Bakioko Txakolingunea txakolin museoan, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen MusEkintza jaialdiaren baitan. Emanaldia euskaraz izango da.

Foru erakundetik jakinarazi dutenez, 'Urargi' lanak gertuko antzerki formatu inguratzailea proposatzen du, non publikoa eszenatokian bertan kokatzen den, artistengandik oso gertu. "Antolamendu horri esker giro beroa eta segurua sor daiteke, lehen haurtzaroan funtsezkoa dena, esplorazio askea eta aurkikuntza bultzatuz", azaldu dute.

Argi eta ur jolasak, mugimenduan dauden irudiak eta umetxoen jakin-mina piztu eta zentzumenak estimulatzen dituzten soinu naturalak uztartzen dituen ikuskizuna da, eta, ikusmenaren, ukimenaren eta entzumenaren bidez, txikienek, une oro euren senideek lagunduta, modu berri batean esperimentatu ahal izango dute.

Emanaldia euskaraz izango da, 12:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa da, baina erreserba aldez aurretik egin behar da www.musekintza.eus webgunearen bidez.

MusEkintza jaialdiak Bizkaiko museoak eta enklabe historikoak "agertoki berezi" bihurtzen ditu antzerki, dantza, musika, umore eta proposamen murgiltzaileak uztartzen dituen programazioaren bidez. Jaialdiaren parte dira, besteak beste, Santimamiñe (Kortezubi), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Muñatones gaztelua eta El Pobaleko burdinola (Muskiz) eta Arkeologia Museoa (Bilbo). Aurtengoa bosgarren edizioa da.