Etxepare Euskal Institutuak, Uharte Zentroak eta Zébra3 erakundeak Damaris Pan bizkaitarra eta Matthias Malefond akitaniarra aukeratu dituzte Kometak proiektuaren lehen edizioan egonaldi artistikoa egiteko. Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE), Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Akitania Berriaren arteko kultur lankidetza indartzea, sortzaileen mugikortasuna sustatzea eta mugaren bi aldeetako kultur eragileen arteko elkarlan sare egonkorrak eraikitzea dira egitasmoaren helburuak.
Bada, Etxepare Euskal Institutuko iturriek jakinarazi dutenez, deialdi publiko baten bidez hautatu dituzte Pan eta Malefond, aurkeztutako 58 proposamenen artean. Erakunde antolatzaileetako ordezkariekin batera, Peio Aguirre komisario eta editorea eta Elsa Oliarj-Ines zinemagile eta artista ere izan dira hautaketa batzordean.
Ikerketa eta esperimentazio artistikora bideratutako egonaldiek sei asteko iraupena izango dute, eta apirila eta maiatza bitartean egingo dira. Hain zuzen, Damaris Panek apirilaren 13tik maiatzaren 24ra garatuko du 'Derrapaje metafórico' proiektua Bordeleko Zébra3 arte garaikidearen zabalkunde eta ekoizpenerako zentroan; Matthias Malefondek, berriz, apirilaren 6tik maiatzaren 15era egingo du bere egonaldia Nafarroako Uharte Zentroan, arte garaikidearen ikerketa eta esperimentaziorako gunean, 'Formation and Deformation of Oralities' proiektua garatzeko.
Denbora horretan, hautatutako bi artistek beren ikerketa eta sorkuntza prozesuak garatuko dituzte, eta ondoren jendaurrean aurkeztuko, egindako lanaren eta esperientziaren mugaz gaindiko izaera nabarmenduz.
PROIETUAK
Bere egonaldian, Damaris Panek (Mallabia, Bizkaia, 1983) pintura izango du ardatz, eta praktika piktorikoaren izaera espekulatzailea eta gaur egun margotzeak dakartzan kontraesanak abiapuntu hartzen dituen lana garatuko du, 'Derrapaje metafórico' izenburupean. Esperientziaren, zuzeneko esperimentazioaren eta hausnarketa kritikoaren artean mugitzen den proiektua izango da.
Egonaldian zehar, bere lanak testuinguruarekin, pinturaren gatazka historikoekin eta harreman sare batean parte hartzearekin sortzen dituen frikzio prozesu berriak aztertuko ditu. Hizkuntzari erreparatuko dio hura bihurritzeko, bere baldintzei buruzko hausnarketa ahalbidetuz. Proiektuak zentzumenak jartzen ditu erdigunean, gozamen estetikorako funtsezko bide gisa, umorez, baina oso serio.
Bestalde, Matthias Malefondek (Limousin, Akitania Berria, 2011) soinu instalazio eta instalazio plastiko batean gauzatuko den ikerketa eta sorkuntza proiektua garatuko du: 'Formation and Deformation of Oralities'. Bertan, denboran izoztutako ondare gisa baino, aztarna eta narrazio aldakor bezala landuko ditu tradizioak.
Euskal kantu tradizionalen motibo eta egituretatik abiatuta hainbat soinu pieza konposatuko ditu Malefondek, eta bertako materialak erabiliz zanfona bat egitea ere aurreikusten du. Aipatutako kantuen mikro tarteak eta ezaugarriak esploratuz, proiektuak tradizioa eta musika garaikidearen arteko elkarrizketa ezarri nahi du.
Proiektua soinua eta egonaldian zehar egindako planoen proiekzioa uztartuko dituen gailu espazial batekin osatuko da, espazioa artxibo izaera duen ingurune bilakatuz. Instalazioaren bidez memoria kolektiboaren aztarna ikusezinak agerian jartzea da bere asmoa.