Bilboko Udalak Betiko Musika programaren edizio berria antolatu du 2026ko lehen hiruhilekorako eta musika estilo ezberdinetako sei kontzertu eskainiko ditu, sarrera librekoak eta gazteei zein helduei zuzenduta. Emanaldiak Otxarkoaga auzoko udaltegian egingo dira, larunbatetan, urtarrilaren 17tik martxoaren 28ra bitartean.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emanaldiak 19:00etan hasiko dira eta joateko gonbidapenak eskuratu behar dira www.bilbaokultura.eus web orriaren bidez; gonbidapenen %20 aretoan berean eskuratu ahalko dira kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik. Pertsona bakoitzak bi gonbidapen eskuratu ahal izango ditu.
Betiko Musika 2026k euskal musikaren sustraiak ere nabarmenduko ditu, Aikopeko taldearen 'Kostaldeko koplak' kontzertuarekin, otsailaren 7an, Argi Zameza abeslariarekin batera
Betiko Musika larunbat honetan hasiko da, urtarrilaren 17an, Ocaña anaien, Keko Galindo perkusionistaren eta Angela Jaurrieta dantzariaren saio flamenkoarekin, eta martxoaren 28an amaituko da, Habana 537 taldearen musika kubatarraren kontzertuarekin.
PROGRAMA
Aurten, programak talde gazteen aldeko apustua egin du. Horrela, otsailaren 21ean Boogie Riders taldeak joko du, Arrigorriagako blues-rock'n'roll eta soul konboak, eta martxoaren 7an, folk musika egiten duen Gasteizko Ziza Folks taldeak.
Betiko Musika 2026k euskal musikaren sustraiak ere nabarmenduko ditu, Aikopeko taldearen Kostaldeko koplak kontzertuarekin, otsailaren 7an, Argi Zameza abeslariarekin batera.
Urtarrilaren 31n, berriz, Evening Prayer soul musikako hirukotearen txanda izango da, eta taldeko ahots nagusia den Lidia Insaustik musika estilo honen nortasuna definitu zuten emakumeak omenduko ditu.