Etekin ekonomia topaketen urteko bigarren saioa egingo da asteazken honetan, ekainaren 17an, Gasteizko Europa Jauregian, eta, 'Etxebizitzaren krisia eta horrek ekonomian eta gizartean duen eragina' izenburupean. prezioen bilakaera eta etxebizitza eskasia, egungo legeen eta erregulazioen eragina, eta etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzeko balizko neurri eta pizgarriei buruz hitz egingo dutge bertan, besteak beste.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, topaketa 09:00etan hasiko da eta Julen Bollain Urbieta ekonomialari eta Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak, Ana Telleria Echeverria Eusko Jaurlaritzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendariak eta Pedro Ayestaran Inmobiliaria Orioko zuzendari eta ASCONGIko Zuzendaritza Batzordeko kideak hitz egingo dute.
Halaber, Bankoa Abanca, CaixaBank, Ekonomisten Euskal Elkargoa, Finantzen Euskal Institutua, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa erakunde antolatzaileetako ordezkariak bertaratuko dira, besteak beste.
Etekin ekonomia topaketek finantza eta ekonomia arloko sareak sendotzea bilatzen dute eta gaian interesa duen edonori irekita daude. Jaurlaritzak eta finantza entitateek euskara biziberritzeko sinatutako hitzarmenean du jatorria ekimenak.
Beste gai batzuekin jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Sailak zerbitzu bereziak antolatuko ditu Lurraldebusen larunbatean eta igandean, ekainaren 20an eta 21ean, Barakaldoko (Bizkaia) BECen egingo den Osakidetzako lan eskaintza publikoaren azterketara doazenak Bilbora modu "eroso eta seguruan" hurbildu ahal izateko, "ibilgailu pribaturik erabili behar izan gabe".
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak zehaztu duenez, DO01 (Donostia-Zarautz-Bilbao) lineako autobusa 06:30ean irtengo da Donostiatik, Bilbora 07:45ean iristeko; behin Bilbon, metro zerbitzua hartu ahal izango da, Mugirekin ordain daitekeena, Ansioko geltokiraino, BECen egingo baitira azterketak.
"Jende asko dabilen eta oposizioak bezalako tentsio berezia dagoen uneetan, funtsezkoa da pertsona guztiak halako hitzordu garrantzitsu batera joan ahal izango direla bermatzea, erosotasun, segurtasun eta irisgarritasun baldintzetan eta arrazoizko prezioan", azaldu du.