Denbora luzez, mahai-jokoak haurrentzako edo aisialdi puntualerako aukera gisa ulertu dira. Hala ere, azken urteetan gero eta presentzia handiagoa dute etxeetan, lagunarteko planetan, eta baita helduen aisialdian ere. Klasiko ezagunetaz haratago, joko berriak iritsi dira merkatura, askotariko gai, mekanika eta iraupenarekin.

Fenomeno horrek galdera batzuk jartzen ditu mahai gainean, bestea beste, zergatik ari diren mahai-jokoak berriz hain ospetsuak bihurtzen, eta ze onurak dituen horrek gure garapenerako. Enpresa handien ohiko jolasak ez ezik, aukera independenteak sortu dira azken urteetan, eta horrek eskaintza asko handitu du.

Mahai-jokoen gorakada

Azken urteetan, mahai-jokoek nabarmen egin dute gora aisialdiaren panoraman. Denbora luzez haurrentzako edo produktu nostalgiko gisa ulertu badira ere, gaur egun gero eta presentzia handiago dute helduen artean, bai familia giroan, baita lagunarteko aisialdian ere. Fenomeno honek ez du azalpen bakarra: faktore soziala, kulturala eta ohiturei lotutako aldaketen emaitza da.

Iñaki Aranburu. mahai-jokoen zale amorratua eta urteak daramatzana astero jolasten, aldaketa hori gertutik bizi izan du: “Duela urte batzuk jendeak bi edo hiru joko ezagutzen zituen. Orain, mahai-joko bat proposatzea plan normal bat da”.

Pandemiaren garaia inflexio-puntua izan zen. Etxean denbora gehiago pasatzera behartuta, askok aisialdi-modu berriak bilatu zituzten, pantailen erabilera etengabeari kontrapisua egiteko. Testuinguru horretan mahai-jokoak alternatiba erakargarri bihurtu ziren: presentzia fisikoa eskatzen dute, denbora partekatzeko aukera ona dira, eta elkarreragina sustatzen dute. “Konfinamenduan hasi ginen serioago jolasten. Hasieran denbora pasatzeko zen, baina ohitura hori jende askok garatu du, eta orain aisialdi aukera bat bezala ikusten da normaltasun osoz”, dio Aranburuk.

Pandemiaren ondoren, ohitura asko mantendu dira. Horrek erakusten du ez dela momentu bateko moda bat soilik. Pantailen nekea ere faktore garrantzitsua da. Lanerako, ikasketarako eta harremanetarako gero eta denbora gehiago ematen denez pantailen aurrean, gero eta gehiago baloratzen dira alternatiboa analogikoak: “Mahai-joko batean ezin zara erraz distraitu; jokora egon behar duzu”, dio Aranburuk.

Eskaintzaren aniztasuna beste gakoetako bat da. Gaur egun, milaka mahai-joko daude merkatuan, adin, gustu eta esperientzia maila guztietara egokituak. Joko laburrak, arau sinplekoak, kooperatiboak edo narratiboak ugaritu dira, eta horrek publiko berriak erakartzea ahalbidetu du. “Jende askok uste du mahai-jokoak konplikatuak direla, baina badaude oso irisgarriak direnak”, azaltzen du Iñaki Aranburuk.

Azken batean, mahai-jokoen gorakadak aisialdia ulertzeko modu aldaketa islatzen du. Partekatutako denborari eta esperientziari ematen zaion garrantziak azaldu dezake zergatik finkatu diren berriz etxe askotan: “Ez da jolastea bakarrik, elkarrik egoteko aitzakia baizik”.

Mahai-jokoen buelta

Mahai-jokoen itzulera ez da joera isolatua, baizik eta etxeko aisialdia ulertzeko moduan gertatzen ari den aldaketa baten isla. Gero eta gehiago bilatzen dira partekatzeko moduko proposamenak, denbora elkarrekin pasatzeko aukerak. “Lehen bakoitza bere mugikorrean egoten zen; orain, joko batek mahai berean esertzera behartzen gaitu”, azaltzen du urteak mahai-jokoa frogatzen ibili den gaztea.

Familian eta lagunen artean, mahai-jokoek plan erraz eta eskuragarri gisa funtzionatzen dute. Ez dute antolaketa handirik behar, eta edozein momentutan atera daitezke. Aranbururen esanetan, “joko bat armairutik ateratzea askoz errazagoa da plan bat adostea baino”. Horrela azaltzen du zergatik sartu diren hain erraz eguneroko errutinan.

Mahai-jokoek, gainera, rol aktiboa eskatzen diote jokalariari. Ez dira kontsumitzeko eduki hutsak: erabakiak hartu behar dira, besteekin negoziatu, irabazi eta galdu. “Serie bat ikusten ari zarenean, burua beste leku batean izan dezakezu; jokoan, berriz, ez”, dio Aranburuk, arreta osoa eskatzen dutela azpimarratuz.

Beste elementu garrantzitsu bat denboraren kudeaketa da. Joko askok iraupen jakina dute, eta horrek laguntzen du aisialdia antolatzen. “Badakizu partida batek 30 edo 60 minutu iraungo duela, eta hori oso lagungarria da egunerokoan”, azaldu du. Horrek ezinegona murrizten du, eta aisialdia kontrolagarriagoa bihurtzen du.

Azkenik, mahai-jokoak sozializazio-modu gisa sendotzen ari dira. Pantaila bidezko harremanak nagusi diren testuinguruan, aurrez aurreko elkarrizketa eta keinuak berreskuratzeko espazio bihurtu dira: “Jokoa bigarren planoan geratzen da askotan; garrantzitsuena jendea berriz elkarri begira egotea da, elkarrekin denbora pasatzen”.  

Mahai-jokoen onurak

Mahai-jokoen arrakasta ez da aisialdi hutsarekin soilik lotzen. Joko hauek onura ugari dituzte, bai maila kognitiboan, baita emozionalean eta sozialean ere. “Hasieran ondo pasatzeko hasten zara jolasten, baina konturatzen zara zerbait gehiago dagoela”, dio Aranburuk. Bere kasuan, kontzentrazioaren hobekuntza eta denbora lasaitasunez pasatzeko aukera nabarmentzen ditu onura bezala.

Maila kognitiboan, mahai-joko askok pentsamendu estrategikoa, memoria edo logika lantzen dituzte. Erabakiak hartu behar dira, ondorioak aurreikusi, eta egoerara egokitu. Aranburuk nabarmendu duenez, “joko askotan burua martxan jarri behar duzu, eta hori gustukoa da, batez ere egun osoa pantailaren aurrean pasatzen duzunean”. Aranbururen kasuan, hori are nabariagoa da, kontuan izanda ofizina batean egiten duela lan ordenagailu baten aurrean. Beraz, mahai-jolas bat ez da ikaskuntza formala, baina bai funtzionatzen duela etengabeko estimulu mental bezala.

Onura emozionalak ere azpimarragarriak dira. Irabaztea eta galtzea jokoaren parte dira, eta horrek frustrazioa kudeatzen ikasteko aukera ematen du, batez ere haurren kasuan, baina baita helduen artean ere. “Galtzen ikastea ere garrantzitsua da, eta jokoek hori modu naturalean erakusten dute”. Emozioak partekatzeko espazio segurua sortzen dute, tentsioa askatzeko eta barre egiteko aukera emanez.

Mahai-jokoek harreman sozialetan duten eragina ere garrantzitsua da. Komunikazio-trebetasunak lantzen laguntzen dute, bereziki joko kooperatiboek. Horietan, taldeka jolastu behar denez, “elkar entzun behar duzu”, eta dinamika horiek balio bikoitza hartzen dute.

Familian, mahai-jokoek adin desberdinetako pertsonak mahai berean esertzeko aukera ematen dute. Normalean elkarrizketa batekin lortzen ez dena, posible bihurtzen da mahai-jokoen bidez, gaia unibertsala delako guztiontzat. Ez da beti erraza aisialdi partekatua aurkitzea belaunaldi desberdinen artean, baina jokoek zubi-lana egiten dute: “Nire etxean adin guztietako jendeak jokatzen du, eta hori ez da beste plan askorekin gertatzen”, dio Iñaki Aranburuk.

Azkenik, mahai-jokoek erritmo lasaiagoa proposatzen dute, presarik gabe. Aranbururen hitzetan, “ordu batez mahai baten bueltan egoteak asko esaten du gaur egungo bizimoduan”. Horregatik, jokoak ez dira soilik aisialdirako tresna, baizik eta eguneroko erritmoari beste neurri bat emateko modua.

Proposamen berriak

Mahai-jokoen gorakadarekin batera, sorkuntza-esparruan ere mugimendua nabarmena izan da. Espainiar estatuan azken urteetan sortu diren joko askok erakusten dute ez dela beharrezkoa multinazional handi baten babesa proposamen erakargarriak egiteko. Ideia berriak, gai ausartak eta formatu irisgarriak dira joko horietako askoren ezaugarri nagusiak. 

Adibidez ezagunetako bat Virus! deituriko jolasa da, Tranjis Games argitaletxeak sortua. Karta-joko arina da, umorezkoa, eta mekanika sinpleekin funtzionatzen du. Helburua gorputz osasuntsu bat osatzea da, beste jokalarien birusak saihestuz. “Oso ondo funtzionatzen du jende askorentzat, azalpena bi minutukoa delako”, azaldu du Aranburuk. Irisgarritasun horrek publiko oso zabalera iristea ahalbidetu dio, ohiko jokalarietatik haratago.

Beste proposamen berezi bat La Fallera Calavera da, Valentziako kultura herrikoiaren irudietatik sortuta dagoena. Karta-jokoa da hau ere, baina erreferentzia lokaletan eta umorean oinarritzen da. Hasiera batean autoedizio bidez jaio zen, eta komunitatearen babesa izan zuen. “Horrelako jokoek erakusten dute tokikoa ere unibertsala izan daitekeela”, dio Aranburuk, identitate propioa duten proposamenek sortzen duten interesa nabarmenduz.

Maila esperimentalagoan kokatzen da Naufragos, Alberto Corralek sortutako jokoa. Joko honek mekanika berri bat proposatzen du, “trama-hautaketa” deitua, non zoriaren kudeaketa, langileen kokapena eta jokalarien arteko negoziazioa uztartzen diren. Esperientzia narratibo bat da, “aukeratu zure abentura” motako liburuen egitura mahaira eramaten duena: “Ez da ohiko partida bat; istorio bat eraikitzen ari zarela sentitzen duzu”, dio Aranburuk.

Azken urteotan, halaber, gero eta ohikoagoa da sortzaile bakarrek edo talde txikiek beren jokoak “crowdfunding” bidez plazaratzea. Testuinguru horretan, arriskatzeko eta mekanika berriak probatzeko aukera handiagoa dute: “Ez dute salmenta masiboen presio bera, eta horrek sormenari arnasa ematen dio”, azpimarratzen du Aranburuk.