Xilaba Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Lapurdira itzuliko da igandean, abenduaren 21ean, Hiriburuko La Perle gelan egingo baita bigarren faseko azken saioa, eta bertan argituko da nortzuk igaroko diren finalaurrekoetara, Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez.

Aitor Servier Etxexuri, Irantzu Idoate Funosas, Joanes Etxebarria Martinez, Johaine Sarraillet Arrizabalaga, Nahia Sasco Etxeberri eta Ramuntxo Christy Biscay bertsolariak arituko dira kantuan.

Gai emailea Antton Lannes Duhalde izango da, eta Ainhoa Sarasua Laskarai, Eneko Bidegain Aire, Zuhaitz Olazabal Susperregui, Iban Thicoipe eta Ortzi Murua Berra egongo dira epaile lanetan.

Xilabako bigarren faseko bi saio jokatuta, dagoeneko hamabi postuetatik sei erabakita daude: Miren Artetxek eta Maddi Ane Txoperenak ziurtatuta dute, saioko garaile izanik, eta puntuazioz, matematikoki finalerdietan daude Maddalen Arzallus, Patxi Iriart, Elixabet Etxandi eta Haira Aizpurua.

Hiriburuko igandeko saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara eta Bardozeko saioan kantatuko du 2026ko urtarrilaren 17an.

Saioa 17:00eta hasiko da eta sarrerak www.bertsosarrerak.eus loturan eskura daitezke; sarrerak ez badira aurretik bukatzen, egun berean 16:00etatik aurrera aukera izango da bertan erosteko.

BESTE GAI BATZUK

Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak San Antonio eta Legutioko Atea kaleen erreforma integralerako kontratazio espedienteak onartu ditu ostiral honetan, datorren urterako aurreikusitako hiri jarduketa garrantzitsuenak. Jarduerek 5,8 milioi euro inguruko baterako inbertsioa eskatuko dute, eta bi kaleak "berdeagoak, irisgarriagoak eta pertsonentzako pentsatuak" izango dira.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak nabarmendu duenez, "espediente horiek onartuta, urrats erabakigarria eman dugu hiriko bi kale estrategikotan transformazio sakona egiteko. Proiektu horiek hiri kalitatea hobetzen dute, jasangarritasuna indartzen dute eta hiria atseginagoa egiten dute bertan bizi, lan egin eta mugitzen direnentzat".

Horrela, San Antonio kalea Florida eta Alaba Jenerala arteko zatian eraberritzeko 1.951.913,80 euroko inbertsioa egingo da, eta lanak egiteko hamar hilabeteko epea aurreikusi da.

Jarduketak aurreikusten du bidea partzialki oinezkoentzat egitea, espazio publikoa oinezkoen eta txirrindularien alde birbanatuz eta ibilgailu pribatuaren protagonismoa murriztuz.