Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak 2026ko Barandiaran ikerketa bekarako deialdia egin du, arkeologia gaitzat hartuta
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak 2026. urteko Barandiaran ikerketa bekaren deialdia abiatu du, eta, arkeologia gaia ardatz hartuta, azaroaren 30era bitartean aurkeztu daitezke proposamenak. 10.000 euroko zuzkidura duen ikerketa bekara bakarka zein taldean aurkez daiteke eta urtebeteko epean aurkeztu beharko da azken txostena. Fundazioak abenduaren 31 baino lehen emango du epaimahaiaren ebazpenaren berri.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Eusko Ikaskuntzak, On Jose Migel de Barandiarani 1979an egin zitzaion omenaldia zela eta, urteroko ikerketa beka sortzea erabaki zuen, omenaldia bera Barandiaranen ikerkuntza lanaren jarraipenean isla zedin.
Gaiaren berritasuna izango du gogoan epaimahaiak, bai eta formatua ere, esaterako, ikerketa txostenarekin batera ikusentzunezkoak sortuko balira
Gaur egun, beka honela izendatzen da: Barandiaran Fundazioa: Jose Miguel de Barandiaran ikerketa beka. Euskal Herriko arkeologia eta etnologia dira bekaren ikerketa gaiak, txandakako ordenan, diziplina horietaz arduratu baitzen gehienbat Jose Migel Barandiaran.
Bada, ikerketa bekaren 2026ko deialdiak Euskal Herriko arkeologia lantzea du helburu nagusi. Jose Miguel Barandiaranek urte asko eman zituen zientzietako diziplina hau lantzen, eta haren itzala oso luzea da Euskal Herriko indusketa arkeologikoen munduan.
LANAK
Soilik argitaratu gabeko lanak eta izaera propioa dutenak finantzatu ahal izango dira, eta deialditik kanpo geratuko dira neurri handiagoko beste proiekturen baten zati direnak, zein bestelako finantzaziorik dutenak ere. Gaiaren berritasuna izango du gogoan epaimahaiak, bai eta formatua ere, esaterako, ikerketa txostenarekin batera ikusentzunezkoak sortuko balira.
Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo bizi diren eta euskal kulturaren alor horietan lanean ari diren pertsonek aurkeztu ahal izango dituzte euren lanak. Orobat, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak bultzada eman nahi die ikertzaile gazteei zein hasiberriei, eta banaka edo talde txikitan aurkez daitezke, horietariko norbait eskarmentu handiagoa duen ikertzailea izan daitekelarik.
Bekak urtebeteko iraupena izango du eta ez du luzapenik izango. Zuzkidura 10.000 eurokoa izango da: 2026ko urtarrilaren 15ean %25 ordainduko da; 2026ko uztailaren 15ean, lehenengo txostena entregatzerakoan, beste %25, eta behin azken txosten eta lan osoa entregatu eta epaimahaiak ontzat eman ondoren, gainerako %50.
Dokumentazioa eta lanari buruzko txostena azaroaren 30 baino lehen bidali beharo dira Jose Miguel de Barandiaran Fundaziora (gasteiz@barandiaranfundazioa.eus helbide elektronikoa edo Gasteizko Pedro Asua kaleko bulegoa).
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak epaimahaia hautatuko du, bekari dagokion diziplinako espezialistekin osatuz. Beka ematearen erabakia dokumentazioak aurkezteko epetik hilabetera ezagutaraziko da, 2025eko abenduaren 31 izanik azken data. Beka eskuratu ahal izateko eskabidea aurkeztean, pertsona edo talde eskatzaileak epaimahaiaren erabakia onartuko du.
Temas
Más en Sociedad
-
Los pensionistas vascos seguirán movilizándose tras el veto de PNV, PSE Y VOX a su ILP
-
Por Andalucía muestra en la Cámara andaluza el historial de un cribado supuestamente modificado
-
Condenan a una auxiliar de enfermería por el fallecimiento de un anciano al que suministró medicación de otro paciente
-
Las parejas no registradas cobrarán la viudedad si tienen hijos o una larga convivencia