Nougrupfiral enpresak sustatutako Antzinako Objektu, Bilduma eta Vintage Azoka egingo da Irungo Ficoba erakusketa gunean larunbatean eta igandean, urriaren 25ean eta 26an, eta 40.000 pieza eta 40 enpresa erakusketari baino gehiago bilduko ditu.
Ficobatik jakinarazi dutenez, erakusketa gunea "ganbara handi" bihurtuko da eta azokara hurbiltzen direnek "iraganera benetako bidaia bat" egiteko aukera izango dute, "non antzinako objektuen aditu, bildumazale eta kolekzionistek bisitariak beste herrialde, garai eta sentimendu batzuetara gidatuko dituzten".
"Pozik gaude Antzinako Objektu, Bilduma eta Vintage Azoka aurkezteaz. Ilusio eta itxaropen handiekin ari gara lanean. Ficobak Frantziarekin duen gertutasunak leku estrategiko bihurtzen du, bai antzinako gauzen salmentarako bai publiko askotarikoa erakartzeko: bildumazaleak, zaharberritzaileak eta, oro har, kuriositatez beteriko zaleak", azaldu du azokaren antolatzaile Cruz Madridek.
"Pozik gaude Antzinako Objektu, Bilduma eta Vintage Azoka aurkezteaz. Ilusio eta itxaropen handiekin ari gara lanean"
Azokak "erakusketa soil bat baino gehiago" izan nahi du, eta bildumagintza eta antzinako objektuen mundua hurbildu nahi dio publiko orokorrari, zaletasun berriak piztuz eta belaunaldi desberdinak elkartuz objektuen bidez.
AZOKA
Azokan aurki daitezkeen piezen artean daude portzelanak, altzari zaharrak, lanparak, bitxiak, vintage arropa, panpinak, diskoak, txanponak, zigiluak, liburuak, brontzeak, abanikoak edota baxera eta kristaleria. 40.000 pieza baino gehiago egongo dira ikusgai Ficobako 2. pabiloian, Asturias, Galizia, Salamanca, Madril, Torremolinos eta Frantziatik heldutako erakusketariei esker.
Antzinako Objektu, Bilduma eta Vintage Azokak 11:00etatik 21:00etara egongo da zabalik larunbatean, eta 11:00etatik 20:00etara igandean, etenik gabe. Sarrera lau euro da eta bi egunetarako balio du, eta aparkalekua doakoa izango da.