Udalbiltzak herrietan zaintza sistema eraldatzeko gakoak biltzen dituen liburuxka bat argitaratu du 'Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak' izenburupean, Emagin elkartearen eta aditu mahai baten laguntzarekin.
Argitalpena berriki aurkeztu dute Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean, eta bertan bildutakoek hausnartzeko jardunaldi bat antolatuko dute azaroaren 7an Miramon Teknologia Parkean (Donostia).
Aurkezpenean izan dira Udalbiltzako zuzendari Clara Rouget, Emagin elkarteko Ainara Santamaria eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta, Udalbiltzako Batzorde Eragilean Zaintza alorreko arduradun ere badena.
Horiek izan dira, besteak beste, mahaia osatu eta urtebete luzez zaintza sistemaren inguruan hausnartzen ibili diren kideak; hausnarketa horien emaitza da 'Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak' liburuxka.
BALORAZIOA
Clara Rougetek adierazi du gaur egun inork ez duela zalantzan jartzen "errealitate soziodemografiko berri baten aurrean" gaudela, "eta horrek zaintzaren krisia modu nabarmenean areagotu dezakeela", Euskal Herria egoera horretatik salbu ez dagoela gaineratuz.
Horren aurrean, Udalbiltzako Batzorde Eragilean zaintzaren kontzeptua birdefinitzeko beharra ikusi zuten iaz, eta eraldatzailea izan dadin zein oinarri izan behar dituen zehaztekoa.
Bada, Emagin elkartearekin elkarlanean diseinatu zuen prozesua eta, "ahots anitzak" behar zituztela ikusita, erronka berriei aurre egiteko aditu eta arituz osatutako mahai bat eratu zuen, besteak beste, eskuhartze komunitarioan lanean ari direnekin, pertsonen zaintzaz hausnartzen dutenekin, unibertsitateetako irakasleekin, gizarte zerbitzuetako langileekin, etxez etxeko langileekin, sindikalgintzako kideekin edota pentsiodunekin.
Urtebeteko prozesuaren ostean, "zaintza sistema birdefinitzeko gakoak eskaintzen dituen liburuxka" da emaitza. Emagin arduratu da liburuxkaren erredakzioaz, eta agerraldian izan den Ainara Santamariak azaldu ditu argitalpenaren nondik norakoak
Urtebeteko prozesuaren ostean, "zaintza sistema birdefinitzeko gakoak eskaintzen dituen liburuxka" da emaitza. Emagin arduratu da liburuxkaren erredakzioaz, eta agerraldian izan den Ainara Santamariak azaldu ditu argitalpenaren nondik norakoak.
"Ezeren aurretik, argitu behar da bertan bildutakoak proiektu zaintzaile posibleak abiatzeko gako batzuk direla; ez da inolaz ere bide baten helmuga, edo prozesu itxi bat", zehaztu du.
Halaber, egungo zaintza erregimena "bidegabea" dela nabarmendu du, "batzuen esplotazioa baliatzen duelako horretarako".
Hain zuzen, sistemaren trantsizioan lagungarri izan daitekeen marko bat zehazten du liburuxkak, bi ildo nagusitan bananduta: lehenak herri zaintzailearen marko orokorra definitzen du, ikuspegi teoriko bat emanez; bigarrenak, aldiz, esku hartze posible baterantz joateko gidalerroak eta pausuak zehazten ditu. Azken hori egikaritzeko helburu zehatz batzuk eta ekintza jakinak proposatu dira.