Síguenos en redes sociales:

Donostiako Udalak euskarazko jolasak antolatuko ditu urrian hiriko 22 jolasgunetan

Egitasmoa bi programatan banatuta dago

Donostiako Udalak euskarazko jolasak antolatuko ditu urrian hiriko 22 jolasgunetanUtzitakoa

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 'Parketarrak' egitasmoa antolatuko du hiriko 19 auzotako 22 jolasgunetan. Lehen saioak astelehen honetan izan dira, urriaren 6an, Altzan, Bidebietan, Morlansen eta Añorgan, eta haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea izango da helburu nagusia. Saioak urriaren 24ra arte antolatu dira.

Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, egitasmoa bi programatan banatuta dago: 'Zabu-zibu', 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beren arduradunentzat, eta Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Halere, parte hartzaileak ez dira bakarrik arituko jolasean, jolasgune bakoitzean bi dinamizatzaile izaten baitituzte jolasak musikaren laguntzaz gidatzeko.

Hiriko 19 auzotako 22 jolasgunetara iritsiko da 'Parketarrak' egitasmoa: Aiete, Herrera, Altza-Casares, Antigua, Añorga, Amara-Olaeta, Amara-Araba parkea, Amara-Rafael Ruiz Balerdi plaza, Bidebieta, Easo-Arroka plaza, Egia-Martin Santos plaza, Egia-Atotxa Zelaia plaza, Gros-Katalunia plaza, Gros-Nafarroa Behera plaza, Ibaeta, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans, Parte Zaharra Zuloaga plaza, Txomiñenea eta Zubieta.

EKIMENA

Ekimena urteko hiru sasoietan antolatzen da, martxoan, maiatzean eta urrian hain zuzen ere. Uda aurreko saioan, maiatzean, ekimenak parte hartzaile asko izan zituen, hiru asteren buruan 982 haur eta 230 guraso jolasean aritu baitziren. Datuok agerian uzten dute ekimenak "harrera ona" duela parkeetara jolastera joaten direnen artean.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak azpimarratu du ekimenaren helburu nagusia familiek eta haurrek parkean euskaraz egitea dela: "Jolasak lagungarriak dira horretarako. Jolasen bitartez hizkuntza lantzen da batetik, eta, bestetik, kaleko erabilera astintzen laguntzen du. Izan ere, jolas egiten ondo pasatzen dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urratsak egiten dituzte".

Gainera, Donostiako Udalarentzat, giltzarri da haurrek ikustea euskara esparru guztietan erabil dezaketela eta ez dutela nahitaez gaztelaniara jo beharrik jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko

Gainera, Donostiako Udalarentzat, giltzarri da haurrek ikustea euskara esparru guztietan erabil dezaketela eta ez dutela nahitaez gaztelaniara jo beharrik jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko.

"Eskolatik edo familiatik haratago erabiltzeko aukerak eskura jartzea komeni da; izan ere, kalean edota aisialdian, gauzak aldatu egiten dira, eta lagunarteko edo informalak diren hizkerak behar dituzte. Lagunartean komunikatzeko garaian, euskara gutxiago erabiltzen dute eta sarritan nahikoa txikitatik hasten da prozesu hori. Joera hori aldatzeko, 'Parketarrak' ekimena oso lagungarria izan daiteke joera horri aurre egiteko", adierazi dute.