Azpeitian (Gipuzkoa) urriaren 16an eta 17an egingo den arnasguneei buruzko nazioarteko lehen konferentzian parte hartzeko deia egin die Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) udalerri euskaldunetako alkate, udal ordezkari, teknikari eta euskaltzaleei.

UEMAk gogorarazi duenez, Soziolinguistika Klusterra, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) eta Coppieters Fundazioa dira topaketaren sustatzaile nagusiak, mankomunitatearekin berarekin eta Azpeitiko Udalarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.

Euskal Herriko ikerlari eta adituak ez ezik, Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia eta Hego Tiroleko hizlariak ere bilduko ditu konferentziak bi helburu nagusirekin: alde batetik, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan arnasguneek duten garrantzia aztertzea eta gogoeta piztea, eta, bestetik, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa sendotzeko proposamen zehatzak eta neurriak partekatzea eta zabaltzea.

Bi egunetan zehar, hizlariek aurkezpenak, eztabaidak eta mahai inguruak egingo dituzte, arnasguneen inguruko ikuspegiak eta esperientziak elkarbanatuz. Gaiari ikuspegi askotatik helduko zaio, besteak beste, dinamika soziolinguistikoa, demografia, hizkuntza politika, garapen sozioekonomikoa, kulturgintza, lege babesa eta hiztunen ahalduntzea aztertuz.

UEMAren arabera, topaketa "mugarria izango da mundu osoko soziolinguista, hizkuntzalari eta adituentzat", eta, beraz, dei egin die bertako kide diren udaletako alkate, udal ordezkari, euskara teknikari eta oro har euskaltzale guztiei konferentzian parte har dezaten.

UEMAko lehendakari Martin Aramendik adierazi duenez, "euskara da gure herrien nortasunaren orube sendoena eta, beraz, nazioarteko beste ekimen batzuetara, turismo azoketara eta antzekoetara joaten garen bezala, udalerri euskaldunetako alkateen eta ordezkarien ardura da gai honen inguruko puntako adituen eta politiken berri izatea eta udalerri euskaldunetatik horiek aldarrikatzea".