BBK-k Bizkaiko gazte eta nerabeei zuzendutako Ni(k) inoiz ez sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan BBK Pact egitasmoaren baitan. Zaintzan, askatasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak bultzatzen dituen komunitatea da BBK Pact, eta "benetan axola zaienaz epaitu gabe hitz egiteko leku segurua" eskaintzen die gazteei.

Nora Sarasola BBK Banku Fundazioko Gizarte Ekintzaren zuzendariak eta Koldo Bilbao Kultura eta Pertsonen arduradunak aurkeztu dituzte ostegun honetan BBK Pact programaren berrikuntzak eta 'Ni(k) inoiz ez' kanpaina.

Kanpaina aldi baterako esku hartze batekin hasi da Bilboko Emakumeen Plazan: ispiluen labirinto bat da, harremanetan normalizatu beharko ez liratekeen jokabideei begiratu eta horiei buruz hausnartzera gonbidatzen duena.

Bertan, gazteek beren buruari begiratu ahal izango diote, hitzez hitz eta metaforikoki, beren harremanetan normalizatu nahi ez dituzten jokabide eta egoerei buruz hausnartzeko. Izena emateko epea irailaren 21era arte izango da zabalik.

Sarasolaren hitzetan, "BBK Pact-en lehen denboraldiko emaitzek benetako beharrizan bati erantzuten ari garela berretsi digute. Ehunka gazte ikusi ditugu interesez parte hartzen, hausnarketan murgiltzen eta harremanak zelan nahi dituzten adosten".

"Esperientziak erakutsi digunez, gune segurua eta dibertigarria eskaintzen zaienean, epairik eta erretolikarik gabea, nerabeek hitza hartzen dute eta normalean ezin dutenaz hitz egiten dute -beren nortasunaz, harremanez, afektuez, sexuaz, adiskidetasunaz edo norberaren mugez-, normalean ez baitute non eta norekin partekatu gai horiek", azaldu du.

Bestalde, Bilbaok zehaztu du sentsibilizazio kanpainaren bidez "eguneroko jarrera xumeei buruzko galderak" egiten dizkietela gazteei, zeinen erantzuna 'bai, hori nik egin izan dut noizbait' izan daitekeen, "deserosotasun, zalantza eta hausnarketa une txiki horretan hasten baita BBK Pact-en lan emozionala".