Zinemaldiko ohorezko Donostia Saria aurten Jennifer Lawrence aktoreak jasoko du irailaren 26an Kursaal Auditoriumean egingo den gala batean. Bertan ere, Oscar baten irabazlea den aktorearen azken filma emango da, 'Die My Love'.

Donostia Zinemaldiak jakinarazi duenez, Jennifer Lawrenceren talentua aintzatetsiko du 73. edizioko Donostia Sarietako batekin. Ondoren Lynne Ramsayk zuzendutako 'Die My Love' filmaren emanaldia egingo da, Lawrencentzat inflexio-puntua izan den lan bat, ekoizle gisa ere parte hartzen duelako.

Jennifer Lawrence Oscar sari bat irabazi duen aktore, ekoizle eta aktibista da. Bere ibilbidean zehar, Silver Linings Playbook, American Hustle (Oscar saria eman ziona), Don't Look Up eta Joy filmetako protagonista izan da, The Hunger Games (Gose Jokoak) trilogiaren buru izateaz gainera.

Jennifer Lawrence Oscar sari bat irabazi duen aktore, ekoizle eta aktibista da

2018an, Lawrence Excellent Cadaver ekoiztetxearen fundatzaileetako bat izan zen, istorio ausartak kontatzeko eta hausnartzera bultzatzeko xedea duena. Justine Ciarrocchi ekoiztetxeko bazkidearekin batera, hainbat proiektu garatu dituzte, hala nola, Causeway, No Hard Feelings eta Zurawski v. Texas eta Bread & Roses dokumentalak, azken hori Peabody sari ospetsuarekin aintzatetsia.

EGOKITZAPENA

'Die My Love' eleberriaren egokitzapena da Excellent Cadaverren azken proiektua, Lawrence protagonista eta ekoizle eta Lynne Ramsay zuzendari dituena. Cannesko jaialdiaren 2025eko edizioan eman zen lehendabizikoz eta azaroaren 7an estreinatuko da zinema aretoetan. Robert Pattinson, LaKeith Stanfield, Nick Nolte eta Sissy Space dira ere film honetako protagonistak.