Gazteek 6,2 punturekin baloratzen dute Euskadiren egoera
Gazteek beren egoera pertsonalaren pertzepzio positiboa mantentzen dute (10etik 7,2), 30 urte edo gehiagoko biztanleen balorazioa baino zertxobait gainetik (7,0)
Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak dituen datuetan oinarrituta Euskal Gazteriaren Behatokiak 2024an zehar egindako ikerketa baten arabera gazteek 30 urte edo gehiago dituztenek baino zertxobait altuago baloratzen dute beren egoera pertsonala. Gazteek beren egoera pertsonalaren pertzepzio positiboa mantentzen dute (10etik 7,2), 30 urte edo gehiagoko biztanleen balorazioa baino zertxobait gainetik (7,0).
Hamar gaztetik zazpik uste dute beren lan-egoera ona dela. Lan-egoerari buruz galdetzen zaienean, gazteen % 70ek balorazio positiboa dute; balio horrek 2019an erregistratutakoa hobetzen du, orduan % 64 baitzen.
Gazteek gehien atsegin duten lan-alderdia egiten duten lanarekiko interesa da (% 46). Horren atzetik, egonkortasuna (% 39), lanaren gizarte-onura (% 37) eta ordutegia (% 34) daude. Enplegua duten gazteen % 22 soilik dago oso gustura soldatarekin, baina ehuneko hori handiagoa da 30 urte edo gehiago dituztenen artean erregistratutakoa baino (% 15). Gizon gazte okupatuak emakumeak baino asebeteago daude beren enpleguen egonkortasunarekin eta soldatarekin.
"Euskadi herrialde lehiakorra eta erreferentea da sektore ekonomiko eta sozial askotan. Lidergo horri eusteko eta, batez ere, erronka demografikoari aurre egiteko, gazteen soldatetan hobekuntza bat ematea oso garrantzitsua. Lehendakariak esan zuen bezala, elkarrizketa sozialera jo behar da, marra gorririk gabe, akordio handiak lortzeko. Uste dut gizarte gisa asko dugula jokoan, eta jaiotzak bultzatzeko politikez edo kontziliazio-neurriez gain, beharrezkoa dela gazteen soldatak hobetzea. Zalantzarik gabe, gazteen emantzipaziorako eta euren bizi-proiektua garatzeko oinarrizko neurrietariko bat da" nabarmendu du Nerea Melgosa sailburuak.
Euskadiko egoera 10etik 6,2 punturekin baloratzen dute gazteek, 30 urte edo gehiago dituztenek baino pixka bat altuago. Gazteek Espainiako egoerari buruz egiten duten balorazioa puntu bat baxuagoa da, 10etik 5,2, baina 30 urte edo gehiagoko pertsonek ematen diotena baino altuagoa, 4,7 puntukoa baita.
Euskadiko egoera ekonomikoa eta politikoa
2024ko Euskadiko egoera ekonomikoaren balorazioa Gazteen Argazkiak ikerketa saileko positiboenetako bat da. Hamar gaztetik zortzik uste dute egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela, duela hamar urte ehuneko hori % 39koa zen arren. 30 urte edo gehiagoko biztanleen artean, Euskadiko egoera ekonomikoa ona edo oso ona dela uste dutenen ehunekoa zertxobait baxuagoa da 2024an: % 78, gazteen % 80ren aldean. Aldiz, gazte gehienek uste dute Espainiako egoera ekonomikoa txarra edo oso txarra dela (% 64), 29 urtetik gorakoek baino 9 puntu gehiago (% 55).
Temas
Más en Sociedad
-
La jueza de la dana incluye en la causa a Scarlett, la víctima nonata que murió en el vientre de su madre
-
Bilboko Udalak 1,8 milioi euro banatuko ditu tokiko enpresen artean kontratazioa sustatzeko
-
La EHU se abre a llegar a un acuerdo de financiación
-
Un preso de ETA deja el EPPK y critica que el colectivo asuma la legalidad penitenciaria