Bilboko Udalak 1.806.145 euro banatuko ditu tokiko enpresen artean, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez, 2025eko ekitaldiko kontrataziorako diru laguntzen programan. Eskaerak egiteko epea asteazkenean irekiko da, azaroaren 19an.
Bilboko Udalak jakinarazi duenez, 2030eko Euskal Enplegu Estrategiaren esparruan kokatutako ekimena Lanbide enpleguko zerbitzu publikoak sustatu du, eta Lanbiden bertan enplegu eskatzaile gisa izena emandako langabeen kontratazioa sustatzea du helburu.
Eskaerak egiteko epea asteazkenean irekiko da, azaroaren 19an, 10:00etan, eta abenduaren 19ko 15:00ak arte egongo da zabalik https://www.bilbaoekintza.eus/eu/dirulanguntza/bilbao-ekintz... web orrian.
Emakumezkoen kontratazioak sustatzeko asmoz, diru laguntzen zenbatekoak beste %10 handituko dira emakumeak kontratatzen direnean
Eskaera egiten duten tokiko enpresen artean banatuko dira laguntzak, publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioak bermatzen dituzten oinarri arautzaileen arabera, eta eskaerak aurkezteko hurrenkeraren arabera aztertuko direla kontuan hartuta, deialdira zuzendutako kreditua amaitzen den arte.
Diru laguntzen onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, baldin eta lantokia eta jarduera ekonomikoa Bilboren lurralde eremuan badituzte.
Enpresa bakoitzak gehienez 8.000 euro jaso ahalko ditu gehienez lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko. 55 urtetik gorakoak, 35 urtetik beherakoak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera jasotzen dutenak edo luzaroko langabeak kontratatuz gero, aldiz, diru laguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da lanaldi osoko kontratu bakoitzeko.
KONTRATAZIOAK
Horrez gain, emakumezkoen kontratazioak sustatzeko asmoz, diru laguntzen zenbatekoak beste %10 handituko dira emakumeak kontratatzen direnean.
Kontratatutakoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: langabezian egotea, hau da, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean edo Langile Autonomoen Araubide Berezian altan emanda ez egotea, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda eta altan egotea eta Bilbon erroldatuta egotea eta legezko bizilekua bertan izatea.