2021ean ikasketak bukatu zituzten 6.627 lagunetatik 4.926ri egin zitzaien inkesta (%75), "emaitza fidagarriak izateko lagin oso esanguratsua, ikasle gehienen egoera islatzen baitu".

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) 2021eko promozioko tituludunen %90 lanean ari zen graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera, Lanbide enpleguko zerbitzua publikoak euskal unibertsitate publikoko gradudunei buruz egin duen 'Laneratzeari buruzko azterlana' txostenaren ondorioetako baten arabera.

Bada, esan bezala, aipatutako promozioaren kasuan, okupazio tasa %90ekoa da, baina generoaren arabera aldea dago: gizonezkoena %91koa den bitartean, emakumeena %89koa da. Gainera, emakumeen %11 langabezian dago, eta gizonen artean %9.

Era berean, ikasketei lotutako enplegu tasa %87koa da, eta lehenbiziko lana lortzeko epea urtebete baino gutxiago izan da ikasleen %63rentzat.

Noemi Peña EHUko Ekintzailetza, Enplegagarritasun eta Transferentziarako zuzendariak adierazi duenez, "gure ikasleak laneratzen laguntzeko, kalitatezko hezkuntza inklusibo eta eleanitzaren alde egiten jarraituko dugu".

"Datuek berresten dute gure graduatuek enplegu tasa altuak dituztela, eta horrek erakusten du gure gradu, master eta titulu propioen eskaintza egokia dela, betiere gizartearen eskaerekin bat etorriz", azaldu du.

Bestalde, Lanbideren txostenak ordainsaria ere aztertu du. Hala, lanaldi osoko bataz besteko soldata garbia 1.819 eurokoa dela dio, 14 ordainsaritan banatuta, eta laneratzearekin bezala, genero arrakala dago: gizonen batez besteko soldata 1.867 eurokoa da, eta emakumeena 1.771 eurokoa.

Lan egoerari dagokionez, tituludunen %77,08k besteren kontura egiten du lan; norberaren kontura ari direnen proportzioa %3koa da, eta %5,56k, berriz, ikasketekin jarraitzea erabaki du. Gainerakoen artean daude doktorego aurreko edo ondoko kontratuak dituztenak, langabezian daudenak, ezintasun egoeran dauden pertsonak, kooperatibetako bazkideak eta antzeko bestelako lan edo egoera pertsonalak dituztenak.