Bizkaiko Foru Aldundiak abuztuan museo eta foru-aretoek eskainiko dituzten jarduerak argitaratu ditu, kultura programazioa sustatzeko asmoarekin. Lurraldeko ondarearekin, historiarekin, arkeologiarekin eta natura-ingurunearekin lotutako jarduerak, bisita gidatuak, tailerrak eta erakusketak, batik bat.

Programazio osoa Bizkaiko Foru Aldundiaren web-orrian dago ikusgai, ordutegiei eta erreserbei buruzko informazioarekin batera.

Abuztuko programazioa:

Muñatones gaztelua (Muskiz)

Erdi Aroko gotorleku hau ezagutzeko aukera egongo da, Bizkaiko lehen historialari Lope Gartzea Salazarren eta beste batzuen bizitzarekin batera, irailaren 7ra arte igandeetan 10:30 eta 12:30 eta asteazkenetan 11:00etako bisita gidatuekin. Jai-zubietako larunbatean, abuztuaren 16an, gabia eta sutegi tradizionala martxan daudela olagizonek egiten zuten lanaren erakustaldia ere ikusi ahal izango da.

El Pobal Burdinola (Muskiz)

Asteartetik larunbatera egongo da zabalik, goiz eta arratsalde, igande eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara, bisita gidatuak egingo dira ordutik behin. Larunbatetan, burdina-lanketaren erakustaldi osoak eskainiko dira, 11:00, 12:00 eta 13:00etan. Abuztuaren 14an eta 21ean, ostegunetan, presatik errotarainoko ibilbide bat barne hartzen duen bisita tematiko bat egingo da.

La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda)

Hobekuntza obra batzuen ondoren harigintzako nabea berriro ireki da, eta jatorrizko makinak eta tresna mekaniko guztiak bere horretan kontserbatzen ditu. XIX. mendearen amaierako fabrika baten jatorrizko giroa aurkituko da museo honetan.

Arkeologi Museoa (Bilbao)

Arkeologiari eta Bizkaiko historiari buruzko tailer tematikoekin batera, "Martiodako erlikiak" bezalako aldi baterako erakusketak, "Museoa aztarnaz aztarna" programa, "Arkeologia egun batez" izeneko familia-tailerrak igandeetan, eta Arkeouda izeneko hiri-koloniak haurrentzat, batik bat, eskainiko dira abuztuan zehar museo honetan.

Rekalde Aretoa (Bilbo)

Irailaren 28ra arte Juan Carlos Eguillorren "Laberinto" erakusketa ikusteko aukera egongo da, marrazki, komiki, ilustrazio eta bideo ezberdinekin ia mila lan erakutsiz.

Ondare Aretoa (Bilbo)

Abuztuaren 30era arte "80 urte, 80 akuarela: argi eta ur bidaia" Akuarelaren Nazioarteko Erakusketa egongo da ikusgai, euskal artisten eta nazioartean erreferente diren akuelarien 80 akuarela ikusteko aukera eskainiz.