Arnaud Desplechin, Kentaro Hirase eta Yutaro Seki, Agnieszka Holland, Milagros Mumenthaler eta Alice Winocour zinemagileen film luze berriak lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Sail Ofizialean, irailaren 19tik 27ra bitartean.
Donostia Zinemalditik jakinarazi dutenez, Arnaud Desplechin (Roubaix, Frantzia, 1960) lehen aldiz izango da Sail Ofizialean, 'Deux pianos / Two Pianos' lanarekin. Aspaldiko partez bere sorleku Lyonera bueltatzen den pianista bertutetsu bat da protagonista, eta ezinezko maitasun istorio bat biziko du. Antzezleen artean daude François Civil, Nadia Tereszkiewicz, Charlotte Rampling eta Hippolyte Girardot.
Bestalde, Kentaro Hirase (San Frantzisko, AEB, 1986) eta Yutaro Seki (Kanagawa, Japonia, 1987) zinemagile bikoteak bigarren film luzearekin parte hartuko du Sail Ofizialean, Japonian ekoitzitako 'SAI / SAI: disaster' lanarekin, hain zuzen.
Teruyuki Kagawa aktorea izango da beste behin ere protagonista kontakizun ilun honetan, zeinean gizon misteriotsu bat tragikoki agertuko baita zenbait pertsonaren bizitzan, nortasun bat baino gehiagorekin
Teruyuki Kagawa aktorea izango da beste behin ere protagonista kontakizun ilun honetan, zeinean gizon misteriotsu bat tragikoki agertuko baita zenbait pertsonaren bizitzan, nortasun bat baino gehiagorekin.
Agnieszka Holland (Varsovia, Polonia, 1948), berriz, hirugarrenez lehiatuko da Sail Ofizialean, 'Franz (Franz Kafka)' filmarekin. Txekiar Errepublika, Alemania eta Poloniaren arteko baterako produkzioak Franz Kafka idazlearen bizitza kontatzen du, jaio zenetik heriotzara arte.
LANAK
Milagros Mumenthaler zinemagile argentinarra (Cordoba, 1977) lehenbiziko aldiz izango da Donostian bere hirugarren lanarekin: 'Las corrientes / The Currents'. Suitzaren eta Argentinaren arteko ekoizpenak Isabel Aime Gonzalez Sola du protagonista, ustez atzean utzita zeukan iraganarekin borrokatuko duen pertsonaia antzeztuz.
Alice Winocour (Paris, Frantzia, 1976) zinemagilea berriro izango da Sail Ofizialean 'Couture' bere bosgarren filmarekin. Frantzia eta AEBren arteko produkzioa modaren munduan dago girotuta, eta Angelina Jolie eta Louis Garrel ditu protagonista.
Film horiez gain, aurretik jakinarazitako lau lan ere lehiatuko dira Sail Ofizialean: Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendarien Maspalomas', Jose Luis Guerin zinemagilearen 'Historias del buen valle / Good Valley Stories', Alberto Rodriguez zuzendariaren 'Los Tigres' eta Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako 'Los domingos / Sundays'. Datozen asteetan iragarriko dira Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak.