Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu kontseiluak kirol instalazioak hobetzeko 2025eko diru laguntzen deialdia onetsi du ostegun honetan, 1,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Lurraldeko udal, mankomunitate eta udal erakundeei zuzendutako deialdia da, eta kirol azpiegituren sare publikoa indartzea du xede.

Foru erakundeko arduradunen arabera, laguntzen bidez jarraipena eman nahi zaie aurreko urteetan hasitako modernizazio prozesuei. Hain zuzen, Bizkaiko Aldundiak 18,3 milioi euro bideratu ditu ildo horretara 2021etik, eta lurraldeko udalerrietako ekipamendu ugari berritu eta egokitu ahal izan dira horrela.

Deialdiaren helburua lurraldeko udal kirol instalazioen sarean hautemandako beharrizanak betetzea da. Horretarako, beste puntuazio sistema bat ezarri da, eta lehentasuna emango zaie herritarrek gehien eskatzen eta erabiltzen dituzten ekipamenduei. Gauzak horrela, puntu gehiago lortuko dute futbol zelaietan eta igerileku estalietan egindako esku hartzeek, eta, horien ostean, bertako kiroletarako instalazioetakoek.

LAGUNTZAK

Udalek, mankomunitateek, kiroletako udal erakunde autonomoek eta udal sozietate publikoek eskatu ditzakete laguntzak, baldin eta foru dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Positiboki baloratuko dira lehentasunezko jarduketa eremuetan dauden edo aurreko deialdietan laguntzarik izan ez duten toki entitateak.

Horrela, laguntzen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du "kirolarekin daukan konpromisoa, kohesiorako, osasunerako eta bizi kalitaterako tresna den aldetik", eta lurralde aktibo baten aldeko apustua egiten du, herritar guztien zerbitzura dauden instalazio moderno eta seguruekin. Foru dekretua argitaratzen denetik 15 egun balioduneko epea egongo da eskabideak egiteko.