Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak Etxepare-Laboral Kutxa XI. Itzulpen Sarietarako deialdia egin dute, eta lanak aurkezteko epea abuztuaren 27ra arte izango da zabalik. Ohi bezala, jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzea da lehiaketaren xede, "itzulpenak baitira euskal idazleak eta euren lanak nazioartean ezagutzera emateko zubia".

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, nazioarteko itzultzaile eta argitaletxeak aurkez daitezke, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2024. urtean argitaratutakoa izatea.

Eskabideari dagokionez, itzultzaileak berak, argitaletxeak edota liburugintza, literatura edo itzulpengintzaren arloko beste eragileren batek egin ahal izango du.

Sari banaketa ekitaldia Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren inguruan egingo da

Saria 4.000 eurokoa izango da, eta argitaletxeak eta itzultzaileak erdibana jasoko dute; izan ere, saridunak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartuko dira hala itzulpenaren kalitatea, nola literatura-lana argitaratu duen argitaletxeak egindako sustapen plana.

LAGUNTZAK

Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko, hau da, aurkezpenak, publizitate kanpainak, hedabideetako elkarrizketak eta beste burutzen laguntzeko.

Sari banaketa ekitaldia Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren inguruan egingo da, Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak adostutako lekuan eta egunean. Itzulpengintzaren arloko, Etxepare Euskal Institutuko eta Laboral Kutxako hainbat ordezkarik osatuko dute epaimahaia.