Elkar sariak banatzeko ekitaldia egingo da ekainaren 3an Bilboko Kafe Antzokian, eta bertan aitortuko dituzte Zenbat Gara elkartea, Ibilbideari saria emanez, eta Kanaldude telebista, Proiektuari sariarekin.
Hain zuzen, Elkar Fundazioko iturriek jakinarazi dutenez, 2025eko Ibilbideari Elkar saria Zenbat Gara elkarteak jasoko du, XX. mende amaieratik hona egindako ibilbideagatik.
1990eko hamarkada hasieran sortutako elkartea da, aurretik bilbotarrak euskalduntzen urteak zeramatzan Gabriel Aresti euskaltegiaren inguruan. 1995ean martxan jarri zuten Kafe Antzokia da elkartearen proiekturik ezagunena nazio mailan, baina ez bakarra.
Horrela, euskaltegiarekin eta Kafe Antzokiarekin batera, Zenbat Gara elkartearen ekimenak dira Bilbo Hiria irratia, Algara konpartsa, Erroa argitaletxea eta haur eta gazteentzako Kurkuluxetan eta Gazteola ekimenak, besteak beste.
Era berean, 2025eko Proiektuari Elkar saria Kanaldude telebistari ematea erabaki du Elkar Fundazioak. "Orain arteko bidean jarrai dezan opa diogu, eta izan dadila sari hau nolabaiteko laguntza aurrera begirako erronkei eusteko", adierazi dute.
Kanaldude 1997an sortu zen Aldude ibarrean tokiko telebista gisa, eta ordutik ibilbide luzea egin du. Gaur egun telebista zabala da, Iparraldean hedatua eta Internet bidez edonon ikus daitekeena. Hainbat operadoreren eskaintzaren bidez ere zabaltzen dute seinalea.
Sariak emateko ekitaldia 18:30ean hasiko da eta bi parte izango ditu: lehenengoan sariak emango dira, eta ondoren poesia irakurraldi musikatua izango da Leire Vargas eta Jaime Nietoren eskutik.