Eroskik 494 milioi euro baino gehiago erabili zituen 2024an Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hornitzaile komertzialei tokiko produktuak erosteko, kooperatibak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Zehazkiago, Eroskik EAEko 365 hornitzaile komertzialekin lan egiten du, eta haien 8.000 produktu baino gehiago merkaturatzen ditu. Produktuok toki nabarmenduak dituzte dendetan, batez ere sasoian sasoiko frutek, berdurek eta barazkiek.
Era berean, tokiko hornitzaileekin lankidetza estutzearen aldeko apustua egin du eta, horri esker, luzerako hitzarmenak lortu ahal ditu eta, horrela, eskualdeko garapen agroalimentario eta sozioekonomikoari lagundu.
EAEn iaz erositako tokiko produktuei dagokienez, igoerarik handienak barazkietan eta patatan izan ziren (%6 baino gehiago), batez ere udako hilabeteetan, Eroski Natur Eusko Label markako barazkien edo Euskal Baserri patataren kanpainei esker.
Horien ondoren, behi haragiaren eta haragi ekoizpenen erosketak datoz, %8 handitu baitziren. Kategoria batean baino gehiagotan sakabanatuta daude, Eroskik Euskal Okela behi haragia eta Eusko Label markako elaboratuak saltzen baititu Hazi Fundazioarekin lankidetzan.
Era berean, gazten erosketak %10 baibo gehiago igo ziren. Eroskik Euskal Gaztak proiektuaren alde egiten du, zeinaren helburua baita Eusko Labela duten Euskal Herriko gazta aldaera autoktonoak berreskuratzea, eta, aspaldiko urteetan, hitzarmena du Idiazabal jatorri deiturarekin.
Azkenik, kontsumo ohitura berriak ikusirik, indarra hartzen ari diren kategoria batzuk nabarmendu ziren 2024an, hala nola esne freskoa, %12 igo zena, eta sukaldaritzako soluzioak, %14 igo zirenak.
Erosikoko Tokiko Produktuen zuzendari komertziala den Asun Bastidak adierazi duenez, "urtero indartzen dugu tokian tokiko ekoizleen aldeko apustua. Hori ikus daiteke, euskal ekoizleei egindako erosketak handituz doazelako".
"Gaur egun, hurbileko produktuen eta sasoiko freskoen eskaintza zabala bihurtu da gure denden bereizgarririk printzipalenetakoa. Horretaz gain, aurrezpenaren alde apustu egin dugu. eta gure prezioen lehia hobetu, bai eta bultzada eman ere gero eta pertsonalagoak diren sustapenei", esan du.