Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak ekainaren 5ean eta 6an egingo dira Bilboko Arrupe Etxean, eta, iazkoei jarraipena emanez, 'Ongi etorri euskararen mundura. II. Harrera jardunaldiak' izena izango dute.
Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria eta Aize Otaño Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakaria izan dira topaketen aurkezpenean.
Azaldu dutenez, jardunaldiek bi helburu dituzte: hizkuntza harrerari buruzko ezagutza ekoiztea eta, ezagutza horretatik abiatuta, harrera protokolo egokiak diseinatzea erakunde eta eragileen aldetik esku hartze egokiak bideratzeko.
Jardunaldiak doakoak izango dira, baina beharrezkoa da izena ematea www.kontseilua.eus webgunean, ekainaren 2ra arte. Halaber, bertan daude jasota jardunaldiei buruzko informazio guztia eta egitaraua.
Aurreko urteko 'Ongi etorri euskararen mundura' lehenengo jardunaldietan, harrera egoki baterako zumeak zeintzuk izan beharko liratekeen hausnartu zuten bertaratutakoek.
Aurtengo jardunaldietan, berriz, hausnarketa horiek indarrean jartzeko aukerez hitz egingo dute, martxan dauden harrera plan eta praktikak elkarbanatzeko aukera emanez.
Aurkezpenean nabarmendu dutenez, euskararen normalizazio eta biziberritzeko prozesuaren egungo erronketako bat da euskal herritar berriak helburu hori erdiesteko aliatu egitea, eta, horretarako, "ezinbestekoa da harrera egokia egitea".