Gorka Urbizu musikari eta kantari nafarrak larunbatean Bilboko BBK Salan eskainiko duen kontzertuarekin hasiko da Euskaraldiaren inguruan BBK-k antolatu duen kultur egitaraua.
Hain zuzen, banku fundazioak jakinarazi duenez, Bizkaian kultura eta euskara sustatzeko duen konpromiso sendoari eutsiz prestatu du programazio berezia, ostegun honetan hasi den Euskaraldiaren laugarren aldiaren harira.
"BBK-k lurraldeko kultura eragileekin batera lan egiten du euskal kulturan eta hizkuntzan arreta jarrita, funtsezkotzat jotzen baitu norberaren kulturarekiko ezagutza, errespetua eta harrotasuna indartzea, bereziki euskarazko kultura sorkuntza eta zabalkundea bultzatuz, hizkuntza baita identitate eta berezitasunaren funtsezko elementu bat", nabarmendu dute BBK-ko arduradunek.
Horren haritik, BBK-k Euskaraldiarekin bat egingo du, "berezko aberastasun kultural eta artistiko hori balioetsi gura duten hainbat jarduerarekin". BBK Salan egingo den programazioan, kontzertuak, mahai inguru bat eta irratsaio bat izango dira.
Hasteko, Gorka Urbizuk kontzertua eskainiko du larunbatean, maiatzaren 17an, 18:00etan. 25 urtez Berri Txarrak taldearen buru izan ostean, musikari eta kantari nafarrak bakarkako ibilbideari ekin dio eta 'Hasiera bat' diskoa kaleratu du, "gordintasunaren eta edertasunaren alde egiten eta bizitza frenetikotik aldentzeko gonbit egiten diguna".
BBK-k Euskaraldia dela-eta antolatutako egitarauak maiatzaren 21ean jarraituko du, 11:30ean hasiko den mahai inguru batekin. 'Emakumeak musikaren munduan' izenburupean, Amaia Ispizua (Get In-management), Olatz Salvador (artista), Eider Iturriaga (argazkilaria-roadmanagerra) eta Maitane Serrano (argiztapen-teknikaria) bilduko dira, eta moderatzailea Maddalen Arzallus bertsolari eta aurkezlea izango da.
Egun berean, baina 20:00etan, Heitxi abeslariaren kontzertua izango da. Heitxi Eider Etxeandia da, "bere belaunaldiko ahots indartsu eta freskoenetakoa". Elektro-triki-pop gisa definitutako estiloarekin, elektronika eta euskal tradizioa uztartzen ditu "ikuspegi pertsonal eta konprometitu batetik", identitatea, osasun mentala edo borroka feminista bezalako gaiak jorratuz.