Haurreskolak Partzuergoak ireki du izena emateko epea 2025-2026ko ikasturtean 0-2 urteko seme-alabak eskolatu nahi dituzten familientzat, eta eskaera maiatzaren 10era arte egin daiteke aurrez aurre edozein haur eskolatan edo sarean www.haurreskolak.eus webgunean
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saiolak jakinarazi duenez, 238 haur eskola daude Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 180 udalerritan, eta guztira 8.844 plaza eskaintzen dituzte 0-2 urteko hezkuntza aldirako.
Datorren ikasturtean haur eskola berriak irekitzea aurreikusi da, gaur egun bederatzi udalerritan garatzen ari diren proiektuei esker, eta, horrela, 377 plaza gehiago egongo dira eskuragarri datozen hilabeteetan.
Eskaera bakoitzean gehienez bost eskola ezberdin marka daitezke, lehentasun ordenaren arabera. Izapidea aurrez aurre egiten bada, lehen postuan aukeratutako haur eskolan bakarrik aurkeztu behar da eskaera. Haurrek gutxienez 16 aste izan beharko dituzte haur eskolan hasteko, eta gutxienez hamar eskola eguneko egokitze aldia egin beharko dute.
Izena emateko epea maiatzaren 24ra arte luzatuko da maiatzaren 7tik 15era bitartean jaiotzen direnentzat. Horrez gain, Haurreskolak Partzuergoak izena emateko epe berriak irekiko ditu irailetik apirilera, hilaren 1etik 10era, haurrak hurrengo hileko lehen lanegunean eskolatzeko.
Hezkuntza Sailaren arabera, eskolatze goiztiarra "funtsezko faktorea" da haurren garapen integralerako, "nabarmen laguntzen baitu ongizate emozionala, oinarrizko gaitasunak eskuratzen eta ondorengo hezkuntza arrakasta ziurtatzen".
Gainera, doako hezkuntza goiztiarrak "jatorrizko desberdintasunak konpentsatzen eta gizarte bidezkoagoa eraikitzen" laguntzen du, haur guztiek beren ahalmena baldintza berdinetan garatu ahal dezaten.
Era berean, Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzua doakoa izateak indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak hezkuntza ekitatearekin, justizia sozialarekin eta familia guztiek kalitateko eskolatze goiztiarra izateko duten eskubidearekin duen konpromisoa.
Haurreskolak Partzuergoak eta Hezkuntza Sailak publizitate kanpaina berri bat bultzatu dute duela gutxi haur eskola publikoen kalitatezko zerbitzua ezagutzera emateko.