Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdiak 48. edizioko ordainpeko kontzertuen eskaintza osatu du musika afro-kubatarraren erreferentzia den Paquito D'Rivera klarinete eta saxofoi jotzailearekin eta Dave Douglas tronpeta jotzaile estatubatuarrarekin.

Rhoda Scott organistari, Cecile McLorin abeslariari eta Joe Lovano saxofoi jotzaileari gehitu zaizkie bi izen berriak, eta Muxikebarri zentroan ariko dira guztiak uztailaren 2tik 6ra. Sarreren eta bonuen salmenta datorren astelehenean hasiko da, apirilaren 7an, Getxo Kulturako ohiko kanaletan.

Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazi dutenez, Paquito D'Rivera ezaguna da latin jazzean duen talentuagatik eta musika klasikoko konpositore gisa lortutako lorpenengatik; 14 Grammy sari irabazi ditu.

10 urte baino ez zituela, Kubako Antzerki Nazionaleko Orkestrarekin hasi zen jotzen. Habanako Musika Kontserbatorioan ikasi zuen, eta 17 urterekin Orkestra Sinfoniko Nazionaleko bakarlari hasi zen. Gainera, Kubako Musika Modernoko Orkestraren sortzaileetako bat izan zen, eta bi urtez zuzendu zuen.

Irakere musika ensemble ezagun eta berritzailearen kide sortzaile eta zuzendarikide izan zenak diskografia zabala du, eta jazzarekiko, beboparekiko eta musika latinarekiko dedikazioa eta gogoa islatzen ditu, musika klasikoari egindako ekarpenekin batera.

KONPOSITOREA

Izan ere, obra sinfonikoen eta ganbera musikaren konpositore ospetsua da, eta 'Aires Tropicales' haize tresnetarako boskotea, 'Conversaciones con Cachao' eta 'Gran Danzón' piezak idatzi ditu.

Getxora egingo duen hirugarren bisita uztailaren 3an izango da, eta boskotean arituko da, Pepe Rivero (pianoa), Yuvisney Aguilar (perkusioa), Reinier Elizarde 'El Negrón' (kontrabaxua) eta Sebastian Laverde (bibrafonoa) lagun dituela.

Bestalde, Dave Douglas tronpeta jotzailea azken hamarkadetan jazzetik eta inprobisazio musikatik sortu den artista estatubatuar garrantzitsuenetarikoa da. Berrikuntza eta tradizioa uztartzeko duen gaitasunari esker "espazio paregabea" sortu du generoan.

Bere musika konposizio zehatzaren eta bat-bateko inprobisazioaren artean dago, eta "jazzaren ondarea sakon ulertzen eta etorkizunera begira jartzen du".

Marta Warelis (pianoa), Nick Dunston (baxua) eta Joey Baron (bateria) biltzen dituen laukotearen gidaritzapean iritsiko da Getxora, uztailaren 6an, jaialdiari amaiera emateko.