Arabako Lanbide Heziketako Enplegagarritasun Jardunaldiak egingo dira Gasteizko Europa jauregian azaroaren 26an eta 27an, 'FP ON LH' lelopean, eta sektore guztietako 20 enpresa inguru Lanbide Heziketako tituludun eta ikasleekin elkartuko ditu, ikasleon etorkizuneko enplegagarritasuna eta, enplegu azoka baten bidez, hobetu nahi duten tituludunen laneratzeko aukerak hobetzeko.
Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko Sailak antolatu ditu topaketak, Lanbide euskal enplegu zerbitzuaren eta Ikaslan Araba eta HETEL Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe sareen babesarekin.
Jardunaldiotan planteatutako jarduerak bi kolektibori zuzenduta daude. Horrela, azaroaren 26an, Arabako ikastetxeetako Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduko zaie jardunaldia, lan orientazioa ardatz duten jarduerekin, batez ere tailerrak.
Hain zuzen, Arabako Lanbide Heziketako azken ikasturteetako 200 ikasle bilduko dira, laneratzea edo enplegagarritasuna hobetzeko aukerak erraztuko dituen ikaskuntza eta truke espazio bat eskaintzeko helburuarekin. Enplegagarritasunerako sei tailer egingo dira, bakoitza ordubetekoa, eta ikasle bakoitzak bi tailerretan parte hartzeko aukera izango du.
Bestalde, hilaren 27an enplegu azoka egingo da, Lanbide Heziketako tituludunei zuzenduta, batez ere lan bila daudenei, eta elkarrizketan aritu ahalko dira Lanbide Heziketako tituludunen bila dauden sektore guztietako Arabako hogei bat enpresekin. AEG Power Solutions, Alavesa de Mecánica y Transformaciones, Aldakin, Basquevolt, Burdinberri, Iman, Naivan, Orona, Pepsico, PFERD, Serveo eta Talgo moduko enpresetako ordezkariak izango dira bertan.
Enplegu azokan parte hartzea doakoa da, baina aurretik izena eman behar da www.fponlharaba.eus webgunean, eta epea azaroaren 22ra arte dago zabalik.