eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak urtero ematen duen Ignacio Ellacuria sarirako hautagaiak aurkezteko epea urriaren 28ra arte dago zabalik. Euskadin helbide soziala edo ordezkaritza duten garapenerako lankidetzarako erakundeek aurkeztu ahalko dituzte hautagaitzak, eta saria emateko proposamena Eusko Legebiltzarreko, Eusko Jaurlaritzako eta GGKEeko ordezkariez osatutako epaimahai batek egingo du.
Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, sariaren xedea da Euskadiko nahiz beste herrialderen bateko erakunde, kolektibo edo norbanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren alde eta pobrezia garaitzeko egindako lana aitortzea. Era berean, sariaren bidez, eLankidetzak lankidetzaren esparruko lorpen eta ekarpen esanguratsuen hedapena ere bultzatu nahi du, euskal zein nazioarteko gizartea sentsibilizatzeko.
Saria 15.500 eurokoa da, eta saridun izan daitezke herrialde pobretuetako irabazi asmorik gabeko toki erakundeak, euskal lankidetzarekin harremana dutenak eta haien komunitatean garapenaren alde ekarpen esanguratsua eta nabarmena egiten dutenak; irabazi asmorik gabeko euskal erakundeen ekimenak; pobretuetako herrien garapenaren alde lan egin duen euskal jatorriko pertsona; euskal lankidetzarako erreferenteak diren nazioarteko eremuko pertsonak.
Hautagaitzak modu telematikoan aurkeztu behar dira, www.elankidetza.euskadi.eus webguneko 'deialdiak' atalean edota www.euskadi.eus atariko 'laguntzak eta diru laguntzak' atalean. Interesdunek informazioa jasoko ahalko dute agencia@elankidetza.eus helbidera idatziz edo 945 01 80 87 telefonora deituz.
Aurreko edizioetako saridunak sei pertsona eta sei erakunde izan dira: lehenengoen artean daude Seynabou Male Cisse (2023), Vandana Shiva (2022), Anna Ferrer (2019), Mikel Ayestaran (2018) edo Lolita Chavez (2017); erakundeen artean, Nikaraguako Artikulazio Feminista eta Madres de Abril elkartea (2021), Saharar Emakumeen Batasun Nazionalaren Aldeko Euskal Sarea (2012) edo FIARE Fundazioa (2011) daude, besteak beste.